Milaka lagun bildu dira arratsaldean Iruñean Nafarroan aldaketa soziala, herriak erabakitzen du lelopean egin den manifestazioan. 17:30ean abiatu da protesta Iruñeko Golem zinemetatik, eta bertan izan dira gizarteko eta politika munduko hainbat ordezkari.
Manifestazioan parte hartu dutenen artean zen Geroa Baiko Uxue Barkos. Hark nabarmendu du orain dela garaia aldaketarako; izan ere, UPNk bultzatzen duen proiektua "soilik berea da, eta ez herriarena".
EH Bilduko Adolfo Araizek ere aldaketaren alde egin du azken egunotan. Koalizioak bide orri moduko bat ezarri du, eta haren ingurunean ahalik eta adostasun sozial eta politiko handiena lortzea du xede. Proposamen horrek demokrazia bizitza politikoan eta sozialean txertatu nahi du, hasi iraganeko politiken ikuskaritza sakonetik eta Nafarroaren estatus politiko berriaren diseinuraino. "Uste dugulako gure askatasuna bahituta egon dela. Gure eskubideak giltzapean izan dituzte; erabakitzeko eskubidea aspaldian lapurtu ziguten nafarroi ate eta leiho horien atzetik".
Bide horretan, alderdiekin aliantzak osatzeko prest agertu da Araiz.