'CAN auzia'

Milaka lagun elkartu dira Iruñean, Barcinaren dimisioa eskatzeko

 ‘Ustelkeriaren aurka, CAN auzia hemen ikertzea nahi dugu, Barcina dimititu’ , lelopean hasi da Iruñean manifestazioa.

2013ko ekainaren 22a
18:54
Entzun

Jende asko elkartu da dieten auziaren ikerketak bertan jarrai dezan eskatzeko manifestazioan, Iruñean, eta Golem aretoetatik atera ondoren, ibilbidean jende asko eta asko batu da protestara. Armada etorbidearen amaieran, Baluarten, Donibanerantz begira etorbide luzean amaierarik ez da ikusten. Manifestazioarekin bat egin dute UPN, PSN eta PP ez beste alderdi guztiek, eta erakunde eta sindikatuen babes zabala jaso du. Erakunde nahiz alderdietako ordezkari ugari nahastu dira manifestarien artean.

Kasuak Madrilera bidea egin duela-eta Iruñean gera dadin eskatzeko deitu du, besteak beste, Kontuz elkarteak manifestazioan parte hartzera. Yolanda Barcina Espainiako Auzitegi Gorenaren aurrean inputatzeko eskaera egin zuen atzo Maria Paz Benitok, Iruñeko 3. Instrukzio epaitegiko magistratuak, Barcina forudun izanda Gorenari baitagokio inputatzen duen edo ez erabakitzea. Horregatik manifestazioan oihukatzen duten leloetako bat hauxe da: "Kasua hemen iker dadin nahi dugu".

"Barcina go home" dioten pankarta asko ere ikus daitezke, Nafarroako lehendakariaren aurpegia dutela. "Lapurrak instituzioetatik kanpo" atera daitezen ere eskatzen ari dira, "UPN kanpora" ere oihukatu dute.

Horacio Oliva, Barcinaren abokatu

Hori horrela, Nafarroako lehendakariak dagoeneko kontratatu du abokatua: Horacio Oliva zuzenbide penalean aditua. Barcinak adierazi du «oso ona» dela eta «konfiantza» transmititzen diola. Silvio Berlusconi, Jesus Gil eta Emilio Botin defendatu izan ditu Olivak, aurretik. UPNk berak ordainduko ditu abokatuaren zerbitzuak.

Barcina inputatzeko eskaeraren inguruan, Sortuko bozeramaile Txelui Morenok eta Maitane Intxurragak «sobera arrazoi» ikusten dituzte haren dimisioa eskatzeko. «Gehiengo sozial, politiko eta instituzionalaren gaitzespena» jaso du Barcinaren Gobernuak, eta «ahal bezain pronto» dimititu eta hauteskundeak deitzeko eskaera egin dute.

Javier Aiestaran Kontuzeko presidentea herritar oro protestan parte hartzera deitu du, "jendearentzat boterea berreskuratzeko beharra" dagoelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.