Espetxe politika honi ez. Sakabanaketa amaitu lelopean abiatu da presoen sakabanaketa politikaren aurkako manifestazioa. Elorrion egiten ari dira martxa, 17:40ean hasita, eta Arkaitz Bellon Puerto I-eko espetxean hildako presoaren lagunek deitu dute manifestaziora.
"Arkaitz gudari, herria zurekin" eta presoak etxeratzearen aldeko oihuak egin dituzte manifestazioan elkartutakoek; horiek txiki utzi dute Elorrioko plaza, Belloni azken agurra emateko. Hasieran, isiltasuna eta euria izan dira nagusi, baina martxa abiatzearekin batera entzun dira oihuak.
Martxa amaierako ekitaldian, oholtzara igo dira Bellonen gertukoak: "Mina zara lagun, minik ederrena. Gure barnean biziko zaren lagunik minena". Hamahiru urteko kartzelaldia gogoratu dute, eta sakabanaketa amaitzeko eskatu: "Azkena izan behar duzu".
Atzo 19:00etan atera ziren Bellonen gertukoak Cadiztik, goizean egin zizkioten autopsien ondoren, Euskal Herrirako bidean. 12:10 aldera iritsi da gorpua Elorriora, Iurretatik auto karabanan joanda. Xingola beltza duten ikurrinak eta sakabanaketaren kontrako pankartak eskegi dituzte herri horretan, eta Durangon ere jendea batu da bide bazterrean, gorpua igarotzeko zain. Jendetza elkartu da hil-kaperan 15:00 arte.
Atzo, berriz, mobilizazio ugari egin zituzten. Elorrion, bertan, herriko komertzioek lan etenaldia egin zuten 11:30etik 13:30era. Goizean, elkarretaratzeak izan ziren Bilbon, Donostian, Iruñean eta Gasteizen, gizarte eragileek deituta.