Euskaraz bizitzeko eskubidearen alde. Euskara ofiziala orain! lelopean manifestazio jendetsua egin dute gaur Iruñean, hainbat euskaltzalek deituta. 17:00etan hasi da, Golem zinemetatik, eta Gaztelu Plazan bukatu. Milaka lagun bildu dira -bost mila, aipatuz dutenez-.
90 norbanako baino gehiagok, gizarte eragile eta sindikatu -ELA, LAB, CGT, STEE-EILAS, EHNE, ESK, Hiru- ugarik, ezker abertzaleak eta EAk atxikimendua erakutsi diote mobilizazioari, eta bertan izan dira erakunde horietako ordezkariak.
Abenduaren 15ean 22 urte beteko ditu Nafarroako Euskararen Legeak. Nafarroa hiru hizkuntza eremutan bereizten ditu lege horrek, eta euskararen ofizialtasuna eremu euskaldunera mugatzen du. Hiru eremuetako euskaltzaleak bildu ditu, hain zuzen ere, manifestuak. Nafarroako araudi horren aurka daudela adierazi du gaur Hizkuntza Eskubideen Behatokiko buru Paul Bilbaok, manifestazioaren bukaeran, eta eskubide denak jasoko dituen legea egiteko eskatu du.
Herritarren aldarriaren garrantzia aipatu dute. Izan ere, "herritar eta eragileen eskakizunetik abiatuko da lege aldaketa". Parlamentuak berriki uko egin dio eremu mistoa Iruñerri osora zabaltzeari. "Parlamentuan egindako azken eztabaidak izan dira gure gogoeten abiapuntua, gure ustez, eztabaidaren gakoa ofizialtasuna delako, hori baita nafar guztiei eskubideak aitortzeko egin daitekeen urrats bakarra", dio Paul Bilbaok.
Euskara
Milaka lagun euskararen ofizialtasuna eskatuz Iruñean
Manifestazioa egin dute, 'Euskaraz bizitzeko eskubidearen alde. Euskara ofiziala orain!' lelopean, hainbat euskaltzalek deituta. Besteak beste, ezker abertzaleko eta EAko ordezkariak izan dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu