euskal presoak

Milaka lagun izan dira presoen eskubideen aldeko manifestazioan Donostian

'Euskal presoak Euskal Herrira, dagozkien eskubideen jabe' leloarekin egin dute martxa, txalo artean. Ertzaintzaren bederatzi furgonetek eta helikopteroak jarraitu dute ekimena. Eragileekin bilerak hasiko ditu Etxeratek.

2009ko irailaren 12a
20:23
Entzun
Etxerat euskal presoen senideen elkarteak deituta, presoen eskubideen aldeko manifestazio nazional jendetsua egin dute gaur Donostian, 17:35etatik aurrera, milaka eta milaka lagun izan direlako. Antiguako tuneletik abiatu dira, Euskal presoak Euskal Herrira, dagozkien eskubideen jabe lelopean.

Ez da oihurik izan, Etxeratek martxa isila izango zela iragarri baitzuen, baina hasieratik txaloak izan dira nagusi.

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak baimena eman zuen atzo, baina presoen argazkirik eta legez kanpoko erakundeen ikurrik ez erakusteko agindu zuen. Martxaren aurretik Ertzaintzaren zazpi furgoneta joan dira eta atzetik bi; helikopteroa ere ibili da.

Bulebarrean amaitu da manifestazioa, eta han Etxeratek iragarri du eragileekin bilerak hasiko dituela -"jo behar diren ateak joko ditugu"-. "Hausnarketa sakona" egin nahi du haiekin batera, "ez baita posible egoera anker honi erantzun bateraturik ez ematea".



Espainiako eta Frantziako estatuen "kartzela politika hil egiten duena" dela deritzo, eta presoek "bizi baldintza gogorrak" dituztela. "Helburua presoak pertsona eta subjektu politiko gisa suntsitzea da". Halaber, haien senideen eta lagunen aurkako presioa salatu du elkarteak.

Ertzaintza kritikatu zuen asteazkenean martxa aurkezteko egindako agerraldian. "Hark erabili duen bortizkeriak helburu politiko argia du: elkartasuna kolpatu, espetxe politikaren salaketa kaleetatik kentzeko. Baina, gurekin jai dute".

Atzo Euskal Herriko hainbat lagun ezagunek atxikimendua agertu zioten martxari, baita ezker abertzaleak eta Aralarrek ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.