Tortura

Milaka lagun torturaren aurka Donostian

Milaka lagunek parte hartu dute Donostian Askatasunak antolatuta torturaren aurka egin den manifestazioan. Batetik, torturatuta hil zuten Joxe Arregiren heriotzaren 25. urteurrena oroitarazi nahi izan du ekitaldi horren bidez Askatasunak; bestetik, oraindik ere, urtero-urtero, hainbat euskal herritarrek torturak salatzen dituztela. Hain justu, torturatuak izan diren hainbat lagunek parte hartu dute manifestazioan. Era berean, Askatasunaren deialdiarekin bat egin duten Batasuna, Aralar, ELA eta LABeko ordezkariak izan dira.

2006ko otsailaren 11
19:09
Entzun
Joxe Arregi zenarekin argazkia zeramaten bi dantzari joan dira manifestazioaren buruan. Atzetik, Torturarik ez. Inoiz eta inon jartzen zuen pankarta, eta torturak jasan izan dituzten zenbait lagun hari heltzen: Unai Romano eta Nekane Txapartegi, kasu. Haien ondoan zen, halaber, Rosa Maria de Paz tortura gogorrak salatu eta egun espetxean den Amaia Urizarren ama. Horiek hirurek Askatasunako eta TAT Torturaren Aurkako Taldeko kideak zituzten lagun pankarta eramaten.

Atzetik, berriz, milaka herritar, eta, haien artean, torturak jasan izan dituzten hainbat: besteak beste, Egunkaria auzian auzipetutako Iñaki Uria, Martxelo Otamendi eta Xabier Oleaga.

Askatasunaren deialdiarekin bat egin duten alderdi eta sindikatuetako ordezkariak ere izan dira manifestazioan. Haien artean, Batasuneko Arnaldo Otegi eta Pernando Barrena, Aralarreko Mikel Basabe eta Aintzane Ezenarro, ELAko German Kortabarria eta LABeko Rafa Diez.

Bulebarrean hasi da manifestazioa, eta Donostia erdialdeko kale nagusiak zeharkatu dituzte berriro Bulebarrera itzultzeko. Torturaren aurkako oihuak entzun dira ibilbide osoan, hala nola, Torturarik ez! eta Hemen torturatzen da.

Ibilbidea amaitu, eta atzera Bulebarrera iritsi direnean, torturak jasan eta 18/98 auzian auzipetuta dagoen Nekane Txapartegik eta Askatasunako Julen Zelarainek hartu dute hitza. Batetik, torturaren aurkako borrokan beste fase bat abiatu behar dela adierazi dute, eta horretan engaiatzeko eskatu diete herritarrei. Bestetik, tortura ahalbidetzen duten tresnak desagerrarazi behar direla nabarmen dute, besteak beste, inkomunikazioa eta Espainiako Auzitegi Nazionala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.