Euskal presoak. Manifestazioa Donostian

Milaka lagunek eskatu dute gaixorik larri dauden presoak askatzeko

Alderdi politikoetako eta erakundeetako ordezkari ugari izan zen atzo Donostian egin zen manifestazio isileanDeitzaileek nabarmendu dute espetxe politika aldatzea «ezinbestekoa» dela

Gaixo larri dauden euskal presoen eskubideen alde atzo Donostian egindako manifestazioa, Kontxako pasealekuan. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Hodei Iruretagoiena
Donostia
2012ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Milaka lagun izan ziren, atzo, Josu Uribetxebarriaren eta larri gaixo diren presoen askatasuna aldarrikatzeko manifestazioan, Donostian. Gizarte, kultura eta politika arloko hamalau norbanako ezagunek egin zuten mobilizazio isil horretarako deia, joan den asteartean Espainiako Auzitegi Nazionalak Donostia Ospitaletik Arrasatera egitekoa zen martxa debekatu ostean. Asteazkenean, gogor salatu zuten debekua deitzaileek; azkenik, atzoko deialdia baimendu egin zuen auzitegi espainiarrak. 17:30ak pasatxoan abiatu zen martxa Antiguako tuneletik, bildutakoen txalo artean. Bide ertzetan, jende ugari ikus zitekeen Gaixo dauden presoen giza eskubideen alde leloa zeraman manifestazio buruaren zain. Alderdi politiko eta gizarte eragile ugarik egin zuten bat aldarrikapenarekin, baita hainbat arlotako norbanako ezagunek ere.

Eguraldi eguzkitsuak lagundurik, mugimendu dezente nabari zitekeen 17:00ak jota zirenean, Antiguako tunelaren inguruetan. Aurpegi ezagunak ere ikus zitezkeen tartean. Bertan izan ziren, besteak beste, ezker abertzaleko Joseba Permach, Rufi Etxeberria eta Joseba Alvarez; Aralarreko Dani Maeztu, Rebeka Ubera eta Maite Sarasua; EAko Pello Urizar; Alternatibako Xabi Soto eta Ezker Anitzako Mikel Izagirre. Erakundeetako ordezkaririk ere ez zen falta izan: Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrek eta Gipuzkoako ahaldun nagusi Martin Garitanok (Bildu) parte hartu zuten mobilizazioan, baita Espainiako Kongresuan Amaiur koalizioko diputatu diren Xabier Mikel Errekondok, Maite Aristegik eta Onintza Enbeitak.

Jendetza zuen zain bide ertzetan manifestazio buruak, tunelaren bestaldean. La Perla pareraino jende artean egin zuen bidea manifestazioak. Pankarta zeramatenen artean ziren deitzaileetako batzuk: Joan Mari Irigoien idazlea, Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendaria, Naroa Iturri kazetaria eta Txaro Arteaga Emakundeko zuzendari ohia.

Kontxako pasealekua zeharkatu ostean, Artzai Onaren katedraletik eta Maria Kristina hoteletikpasata, Bulebarrerainoko bidea egin zuten guztiek. Kiosko gainera igo ziren pankarta zeramatenak, Bulebarra goraino bete zuen atzetik zetorren jendetzak. Adar eta txalaparta hotsek egin zieten ongi etorria gaixotasun larriak dituzten presoen askatasuna eskatzeko kalera irten ziren milaka lagunei, eta Igor Elortzaren bertso batek eman zion hasiera ekitaldiari: «...ez dira basapiztiak/ dira gure argazkiak/ Josu askatu dezazuela diotsue Donostiak/ Josu, ta beste guztiak», kantatu zuen Durangokoak. Segidan, sei dantzari gaztek hartu zioten lekukoa Elortzari, hankak Eguzkiak urtzen du goian doinu ezagunaren erritmora mugituz. Rafa Rueda abeslariak ere kantatu zuen, eta azkenik, Naroa Iturri kazetari eta manifestazioaren deitzaileetakoak hartu zuen hitza.

«Ezinbesteko aldaketa»

Iturrik ezinbestekotzat jo zuen egungo espetxe politika aldatzea, hainbat arrazoi medio: lehenik, «traba nabarmentzat» dutelako «pertsona guztien giza eskubideen errespetua ardatz izango duen aroa» eraikitzera bidean. Izan ere, Iturriren esanetan, une berezia da honakoa: «Euskal gizarteak abagune historikoa bizi du hamarkadetako sufrimendu, giza eskubideen urraketa eta elkar ulertze ezari amaiera emateko». Gainera, euskal herritarren gehiengoak horixe desio duela aldarrikatu zuen Hamaika Telebistako kazetariak, «bakeari, konponbideari eta giza normalizazio politikoari ateak irekiko dizkio etorkizuna», hain zuzen.

Bestetik, Iturrik gogorarazi zuen «sufrimendua eta samina» besterik ez dakarrela Espainiako Gobernuak aplikatzen duen espetxe politikak euskal gizartearen zati handi batentzat: «Egungo espetxe politika justiziatik eta giza eskubideen errespetutik oso aldendua dago». Horren erakusle dira, Iturriren esanetan, presoen sakabanatzea, 197/2006 doktrinaren aplikazioa, eta larri gaixo diren presoak espetxean mantentzea.

«Gaixotasun larriak dituzten presoen egoerak bereziki kezkatzen gaitu», esan zuen Iturrik, eta beren tratamendua espetxetik kanpo jaso behar dutela aldarrikatu zuen. Gainera, Uribetxebarriaren kasua aipatuz, Arrasateko presoaren egoera «krudelki» luzatu dutela salatu zuen: «Josuren kasuak iraganera itzuli gaitu beste behin». Horregatik, larri gaixo diren preso guztien askatasuna ahalbidetzeko mekanismoak martxan jartzeko eskatu zion PPren gobernuari, «halakorik berriro gerta ez dadin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.