Mlaka euskaltzale bildu ditu gaur arratsaldean Euskal Herrian Euskaraz-ek (EHE) Donostian, Sasi guztien gainetik, euskaldun eta burujabe lelopean egindako manifestazioan. 17:00etan abiatu da martxa, Bulebarretik, eta bukaeran manifestazioa horra heldu denean, azkenak artean Viktoria Eugenia antzoki atariaren parean zeuden.
"Herri euskaldun eta burujabea" eskatu dute. Izan ere, gaur egun ere "herri hau irenstea helburu duten asimilazio estrategiak daude", EHEren ustez, "eta estrategia horien muinean hizkuntza ordezkapena bera dago. Euskaraz bizi nahi badugu, lurraldea askatzea herri euskalduna askatzeko tresna moduan ulertu behar dugu. Herriak, menpeko izateari laga, eta erabakiak bertatik bertara erabakitzeko eskubidea behar du, burujabetza behar du Euskal Herriak horretarako".
Jarrera aldaketa ere behar dela aldarrikatu du. "Euskararen alde egotetik, euskararen alde egitera jo behar dugu, ezinbestez. Adore handiarekin, konpromiso sendoarekin, euskaraz bizitzeko hautuari hauspoa eman eta dinamika eraikitzaileak sortu behar ditugu nonahi".
Pello Urizar, Rufi Etxeberria, Paul Bilbao, Martxelo Otamendi...
Eragileen artean Kontseiluak, LABek, Euskal Konfederazioak, EAk, Alternatibak eta ezker abertzaleak atxikimendua agertu zioten martxari. Pertsona ezagunen artean bertan izan dira, besteak beste, Pello Urizar EAko idazkari nagusia, Rufi Etxeberria eta Joseba Alvarez ezker abertzaleko kideak, Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusia, Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendaria eta Joanmari Larrate BERRIA Taldeko kontseilari ordezkaria.
Unai Larreategi eta Igone Lamarain EHEko kideek eskerrak eman dizkiete manifestariei. "Euskaldun andana bildu gara hemen, eta gure helburuen alde lan eskerga egiteko prest dagoen masa kritikoa bizirik dagoela frogatu dugu, euskara galzorian mantentzea bilatzen dutenen kalterako. Entzun gaitzatela, beraz!".
Arratsaldeko seiak pasatxo hasi dira hitzaldiak, eta ondoren egin diote omenaldia Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-ri, euskararen alde egindako lana eskertzeko.
Martxoaren 19an, Gernika-Lumon, Euskaraz Bizi Eguna antolatuko du EHEk.
euskara
Milaka lagunek eskatu dute "herri euskaldun eta burujabea" EHEren manifestazioan
"Euskararen alde egotetik, euskararen alde egitera jo behar dugu, ezinbestez", aldarrikatu du Euskal Herrian Euskarazek gaur, Donostian. Omenaldia egin diote 'Txillardegi'-ri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu