Datorren urteko erreferendumari begira antolatutako hiru martxa garrantzitsuetatik bigarrena izan da gaurko manifestazioa. Polizia iturrien arabera, 8.000 lagun elkartu dira, eta antolatzaileek 15.000 eta 20.000 artean izan direla esan dute: "arrakastatsua" izan da Eskozian egiten dituzten manifestazioekin konparatuz gero. Iaz egindakoak, lehenak, 10.000 lagun inguru elkartu zituen.
Salmondek ez ezik, politika eta gizarte eragile askok ere hartu dute parte amaiera ekitaldian, eta festa bilakatu dute aldarria.
Urtebete falta da erreferenduma egiteko, eta baiezkoaren nahiz ezezkoaren aldekoak giroa berotzen hasita daude dagoeneko. Salmond (SNP) buru duen aldea eta Michael Moore Eskoziarako ministro britainiarra buru duena, biak ari dira herritarrak botoa ematera deitzen.
Inkesta gehienek diote Eskozia Erresuma Batuaren barne mantentzearen aldekoa dela gaur egun joera —independentziaren aldekoei botoen %25 eta %37 artean ematen dizkiete—, baina berriki Eskoziako Gobernuaren eskariz egindako inkesta batek erakutsi du erreferendumean ziur parte hartuko dutenen artean %44k baietzaren alde egingo dutela, eta %43k, ezetzaren alde. Aldeko inkestekin ez fidatzeko ohartarazi dute ezezkoen aldekoek, unionistak etxean geratzen badira independentziaren aldekoek irabaz dezaketelako.
Moorek Salmondi leporatu dio independentziaren aldeko proposamenaren gai garrantzitsuak ez argitzea, ekonomiari buruzkoak, besteak beste. Salmondek, berriz, agindu Liburu Zurian emango dituztela xehetasunak. Azaroan kaleratzeko asmoa dute Liburu Zuria.