Krisia Nafarroako Gobernuan

Milaka lagunek eskatu dute Iruñean, "herriari hitza eman" diezaiotela

Nafarroako Gobernuaren krisia dela-eta hauteskundeak aurreratzearen alde eta ustelkeriaren kontra protesta egin dute Iruñean. Kontuz-en arabera, 35.000 lagun baino gehiago izan dira. "Ardura" eskatu diote antolatzaileek gobernuari.

Manifestazio burua, Iruñean. IKER TUBIA
2014ko otsailaren 22a
18:35
Entzun

Herritarrak karrikara deitu ditu gaur Kontuz-ek, "ustelkeriaren aurka", eta hauteskundeak egiteko eskatzeko. "Ustelak kanpora" oihukatzen ari dira manifestariak, eta beste hauxe ere bai: "Opus deikoak ez beste guztiak gaude hemen". Gogoz hasi du jendetzak protesta Golem zinematokien ondotik, eta Sarasate pasealekura bidean dira, Nafarroan aldaketa eske. Horren bidez, "hitza herriari ematea" da antolatzaileen helburua. "Ez dago atzera bueltarik, eta hori erakustera atera gara kalera. Jende asko eta asko etorri da", manifestazioa hasi aurretik esan dutenez. Espaloian jende multzo handiak daude, irria ahoan asko, manifestariei so eta oihuekin babesa emanez batzuk.

Eragile politiko, sozial eta sindikaletako ordezkariak daude manifestarien artean; Aralar, Bildu, Ezkerra, PSE-EE, PSN, PSC eta ELA eta  LABeko ordezkariak, besteak beste, denak hauteskundeak eskatzen, eta gehienek uste dute bozak izanen direla. Manifestazio burua Gaztelu plazara iritsi ondoren denbora asko pasa da bukaera iristerako. "UPN kanpora" oihuka aritu da jendea, giro bero-beroan."Barcina herri ekimenak botako" duela kalera esan dio jendetzari Mirentxu Iribarrenek. "Ardura" eskatu die politikariei, Nafarroako egoera aldatzeko beharrari erreparatu diezaiotela, interesei beharrean.

Hamaika taldek eman diote atxikimendua manifestazioari.Nafarroako Ogasun zuzendari Idoia Nievesek Lourdes Goikoetxea presidenteordearen aurka egindako salaketek hautsak harrotu dituzte Nafarroan. Atzo Nieves berriz izan zen parlamentuan, eta haren agerraldiari buruz, interpretazio ezberdinak egin zituzten Nafarroako Parlamentuko taldeek.

Oposizioko talde gehienek nabarmendu zuten Nievesek aurretik egindako salaketak "berretsi" zituela atzo. UPNren ustez, berriz, Ogasun zuzendari ohiak "frogarik ez" duela erakutsi du. "Oposizioak bertze aitzakia bat bilatu beharko du zentsura mozioa aurkezteko", Carlos Garcia Adanero parlamentariaren hitzetan. PPNk ere bat egin zuen gobernuko agintariekin. "Ezin dugu erran legez kanpoko jarduerarik izan denik".

"Kontraesanik ez"

"Nievesek errandako guztia frogatu du; kontraesanik ez da izan haren hitzaldian, eta ez du errandako ezertan atzera egin". Horixe nabarmendu zuen PSNko Pedro Rasconek atzo Nievesen agerraldiari buruz. Ikerketa batzordea amaitzen denerako, bi aukera jarri zituen mahai gainean: "Barcina bere kabuz joatea, edo guk egin beharrekoa egitea alde egin dezan. Ez dakit hori zentsura mozioa den edo ez, nahi duzuen erara ulertu", erran zien kazetariei.

Zuzenago mintzatu zen Bilduko Maiorga Ramirez. "Herritarrek ezin dute egun bat gehiago ere jarraitu gobernatzeko gai ez den gobernu batekin". Aralar-NaBaiko Txentxo Jimenezek "beste ziklo bat hasteko garaia" dela erran zuen. Ezkerrak eta Geroa Baik ere "ontzat" eman zuten Nievesen agerraldia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.