Manifestazioa Moyua plazatik abiatu da, eta, Kale Nagusia zeharkatu ostean, udaletxerantz jo du. Han, ekitaldi politiko bat egin dute.
Larraitz Cisneros 2007an Aste Nagusiko txupinera izan zenak hartu du hitza ekitaldian. Esan du ikurrina "euskal herritarrak munduaren luze-zabalean batzen eta identifikatzen dituen ikurra" eta "bizikidetza eta askatasun sinbolo" dela, eta gogora ekarri ditu duela 120 urte lehenengo aldiz jende aurrean agertu zenetik izan dituen jazarpenak, "baita Franco hil ondoren berriro legeztatu zutenetik ere".
"Asimilazio saio guztien gainetik" ikurrinak euskal nortasunaren ikur izaten segitzen duela gaineratu du Cisnerosek, eta dei egin die bilbotar guztiei ikurrina eta naziotasunaren gainerako ikurrak kalera atera eta agerrarazteko: "Adieraz dezagun hemen herri bat dagoela, nazio bat garela".
Manifestazioa hasi aurretik, EH Sortuko eledun Maribi Ugarteburuk adierazi du ikurrinak, "Euskal Herriaren aniztasun aberasgarriaren ikur" izateaz gainera, "etorkizuna libreki erabakitzeko eskubidea ere" ordezkatzen duela. Gogoan hartu ditu erabakitzeko eskubidearen inguruan datozen hilabeteetan nazioartean izango diren mugarriak, Eskoziako eta Kataluniako galdeketak: "Euskal Herriak ere tren horretan egon nahi du". Ziur agertu da Euskal Herriak ere bere etorkizuna erabakiko duela, "gaur ez bada, bihar, eta bihar ez bada, etzi".