Milaka pentsiodun elkartu dira gaur ere Bilboko udaletxearen parean, pentsio "duinak" exijitzeko. Joan den larunbateko manifestazio jendetsuak ez du barealdirik ekarri, eta beste behin salatu dute pentsiodun askok oinarrizko gastuei aurre egiteko dituzten zailtasunak eta Espainiako Gobernuak iragarri duen %0,25eko igoeraren ondorioz izango duten erosahalmen galera. Horrez gain, pentsio sistema publikoa defendatu dute.
Andrea Uña pentsiodunen plataformako bozeramaileetako batek adierazi duenez, pentsiodunak "oso haserre" daude, eta Mariano Rajoy Espainiako Gobernuaren jarrerak "kalera ateratzeko indar handiagoa" ematen diela ziurtatu du. "Hemen gaude, eta hemen jarraituko dugu, gudu hau irabazi egingo baitugu".
Joan den larunbateko manifestazioa "arrakasta" izan zela adierazi du Uñak. "Pentsatzen genuen jende asko etorriko zela, baina ez hainbeste. Ia 150.000 pertsona izan ziren, 115.000 kalkulu ofizialen arabera".
Bilbokoaz gain, beste elkarretaratze batzuk ere izan dira Hego Euskal Herriko hainbat hiri eta herritan.