Espainiako Gorteetarako hauteskundeak baldintzatuta egingo du Aralarrek V. Biltzarra, etzi, Derioko seminarioan (Bizkaia). Azaroaren 20ko hauteskundeei begira, indar abertzaleen arteko elkarlanaren alde egin du Aralarrek kongresuari begira landutako txosten politikoan, eta militantziak larunbatean onetsi beharko du bozetara aurkezteko formula. Baina hauteskunde aliantzari dagozkion proposamenak ez ezik, bestelako erabakiak ere hartu beharko dituzte alderdikideek kongresuan: aurrera begirako ildo politikoa finkatu, erabaki eta ekimenak adostu, alderdiaren estatutuak berritu eta zuzendaritza berria aukeratu beharko dute, besteak beste.
Larunbateko kongresuan eztabaidatuko eta bozkatuko den txosten politikoak berretsi egiten ditu Aralarrek sorreratik defenditu dituen ildo politiko, printzipio eta helburuak, bere osotasunean, Rebeka Ubera Aralarren Batzar Nagusietako bozeramaile eta alderdiko antolaketa idazkariak BERRIAri azaldu dionez.Txostena «koherentea» da Aralarren printzipioekin, haren esanetan. Besteak beste, ezker abertzale zibil eta zabala eraikitzeko apustua egitea proposatu du Aralarrek dokumentuan, eta ezkerreko alderdi abertzale eta ezkertiarren arteko elkarlana bultzatzea; testuinguru horretan kokatu du hauteskundeei begira proposatu duen apustua ere.
Nafarroako korapiloa
Aralarrek bere hauteskunde apustuak aztertu eta berriz ikusi behar dituela dio Kongresurako landu den txosten politikoak. Espainiako Gorteetarako hauteskundeei dagokienez, Bildurekin koalizioa osatzea lehenesten du Kongresurako —EAEn, Aralar eta Bildu, eta Nafarroan, NaBai eta Bildu——; eta Senaturako plataforma zabalago bat proposatzen du indar abertzaleen artean, erabaki eskubidea oinarri hartuta.
Jakina denez, azaroko hauteskundeei begira adostasunik ez da oraindik lortu NaBai koalizioaren barruan, eta Aralarren zuzendaritzak txosten politikoan egin duen proposamenari ezezkoa eman diote EAJk eta independenteek.Bozetan Bilduren eta NaBairen artean aliantza osatzea jasota dago txostenean, baina NaBaiko kideen ezezkoaren ondoren, Aralarrek eztabaida zabaldu zuen militanteen artean.Hortaz, irailaren 3an egindako Hegoaldeko Batzarrak Bildurekin batera aurkeztea onartu bazuen ere, azken hitza militanteek izango dute, larunbateko Kongresuan.
Hain zuzen ere,kongresuan eztabaidatuko dituzten hamar zuzenketatik gehienak Nafarroako hainbat afiliatuk aurkeztu dituzte, eta horiek ez dute bat egiten Aralarren zuzendaritzak datozen hauteskundeetarako egiten duen proposamenarekin. Horiek horrela, eztabaidarik ez da faltako biltzarrean. Zuzendaritzak, dena dela,ez du ezustekohandirik espero: «Hegoaldeko batzarrak onartutakoa berrestea espero dugu», dio Uberak.
Uztailaren erdialdean banatu zen txosten politikoa Aralarren militante guztien artean, eta haiek abuztuaren 15era arteko epea izan zuten txostenari zuzenketak aurkezteko. Denera, 24 militantek landutako 50 zuzenketa aurkeztu ziren. Zuzenketa gehienak txosten ofizialak zehaztutako ildoa berresteko izan dira, eta alderdiak horietako batzukonartuditu irailaren hasieran egindako Hegoaldeko Batzarrean.
Besteak beste, ezker abertzale «zibil eta zabal» bat osatzeko konpromisoa jasota dago txostenean, eta halaber, alderdi eta eragileen arteko elkarlanaren oinarri nagusia Gernikako Akordioak izan behar duela dio. Uberak azaldu duenez, akordio hori «azken urteotan euskal politikagintzan egin den garrantzitsuena da» Aralarrentzat, eta hori bera nabarmendu nahi izan da txostenean. Barne kritika ere egin du alderdiak dokumentuan, eta bozen aurretik izandako negoziazioak eta kudeaketak aztertu behar direla dio. Aurrera begira jarrita, ebazpen proposamenak egin ditu zuzendaritzak, egungo egoera sozio-politikoarierantzuteko independentismoan, internazionalismoan edota demokrazian sakondu behar dela esanez.
Alderdiko militante guztiak daude deituta Kongresura, eta Aralarrek parte-hartzea handia espero du. «Afiliatuen ordezkaritza zabala espero dugu», dio Uberak. Gainera, Kongresuan eztabaida anitza eta aberasgarria egotea espero dute Aralarrekoek. «Hegoaldeko batzarrean oso eztabaida serioa, ona eta irekia egon zen, eta espero dugu Kongresua ildo beretik joatea».
Militantziak du azken hitza
Aralarreko militanteek azaroko bozetara Bildurekin aurkeztu ala ez erabakiko dute etzi, V. Biltzarrean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu