«Mina errespetatzeko eta biktimak aitortzeko» esan dio Saizek Bilduri

Foruzaingoaren txostenaren zain dago fiskala Leitzan jazotakoaren inguruan neurriren bat hartzeko

2011ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
«Mina errespetatzeko eta biktimak aitortzeko» eskatu dio Elma Saiz Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkariak Bilduri, Leitzako festen hasierako txupin jaurtiketan bost ezezagunek euskal presoen maindireak herriko plazan erakutsi ostean.

Hori dela eta, Saizek azaldu du Espainiako Gobernuaren ordezkaritza gertatutakoa ikertzen ari dela. Bestetik, fiskalak ez du arduradunen aurkako neurririk hartuko polizia txostena jakin bitartean.

Horrez gain, Foruzaingoak ikerketa ireki du Leitzako Udalak «Ikurren Legea betetzen» ote duen aztertzeko. Izan ere, udaletxean Nafarroako bandera jartzeaz gain, ikurrina ere jarrita baitago, urtero legez, festak direla eta.

Horrez gain, Bilduri «biktimen mina» ez dezala «urteko egun batean ere publikoan lotsararazi» eskatu dio Saizek, baita «ETA gaitzestea eta ETAk armak uzteko aktiboki lan egitea» ere.

Kazetarien galderei erantzunez, berriz, Saizek esan du Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak ez duela «onartu eta ez onartuko demokraziaren, Zuzenbide Estatuaren eta askatasunaren joko arauen urraketarik».

Horregatik, gaineratu du «Zuzenbide Estatuak mekanismo batzuk» dituela, eta «zigorgabetasunik egon ez dadin irmotasunez jokatzen» jarraituko dutela.

«Delitua jarraitu egiten da herri honetan, Zigor Kodeak terrorismoaren inguruko guztia arautu eta delitua egin dutenak epailearen aurrera eramaten ditu», adierazi du Saizek.

Nafarroako Gobernuaren aldetik, berriz, adierazi dute gertatutakoaren arduradunek «festa giroko ekitaldi bat legearen mugan egon daitekeen terrorismoa omentzeko ekitaldi» bihurtu zutela.

UPN, azalpen eske

Carlos Salvador Espainiako Kongresuko UPNko diputatuak Leitzan gertatutakoaren inguruko zazpi galdera aurkeztu ditu idatziz Barne ministroak erantzun ditzan. Horrela, gertatutakoaren berri izan nahi du Salvadorrek, eta, bereziki, Barne ministroak horren inguruan zer dakien jakin nahi du.

Aurkeztutako ekimenean, Salvadorrek dio «ETA goratzen» duten gertakariak «inongo segurtasun indarrek eragotzi gabe eta inorrek erantzunik eman gabe» jazo zirela. «Bildu koalizioko alkateak gertaerekin duen harremanaren inguruan zein informazio duen» ere galdetuko dio UPNko diputatuak Espainiako Gobernuari.

Era berean, egindako eskaeraren bitartez, Salvadorrek jakin nahi du ea «eskatu zaizkion alkateari berari udaletxeko balkoitik hark onartu zuen argudioaren inguruko azalpenik», ea, «Espainiako Auzitegi Gorenaren tesiak bermatzen duen bezala, Bildu ETAren interesen zerbitzura instrumentalizatutako plataforma politikoa» dela frogatzen ote duten gertaera horiek, eta ea «etorkizunean terrorismoa goratzen duten ekitaldiak eragozteko zer egitea pentsatzen duen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.