Gipuzkoako abelgorri eta ardi aziendak mugitzea galarazi du Diputazioak, Oiartzun eta Errenteria inguruko bederatzi baserritan mingain urdinaren gaitza atzeman dutela eta. Kutsadura eragoztea da neurri horren helburua Rafael Uribarren Nekazari Inguruaren Garapenerako foru diputatuak agertu duenez. Dena den, Diputazioak uste du Oiartzun eta Errenteriko horietan ez ezik, beste zenbait gunetan ere ager daitezkeela mingain urdina duten abereak.
Gaitz horrek ez die gizakiei eragiten, eta eltxoen ziztadaren bidez kutsatzen da aziendaren artean. Orain arte 15-20 ardi hil dira mingain urdinarekin.
Aziendak mugitzea ez ezik, abelgorri eta ardi azokak egitea ere galarazi du Diputazioak. Funtsean, hiltegira eramateko eta kontrolatuta baino ezin izango dira mugitu. Abelgorri eta ardi aziendak dituzten baserritarrei aholkatu diete eltxo kulikoideak uxatzeko botikak emateko abereei.
Nafarroako Gobernuak, berriz, atzo ezarri zuen abereak mugitzeko debekua. Nafarroan ez da mingain urdinaren gaitzik agertu oraingoz, baina badaezpadako neurria hartu dute.
Laguntzak eskatu ditu EHNEk, eta lasaitasunerako deia egin du ENBAk
Bestalde, nekazarien EHNE sindikatua kezkatuta dago mingain urdinaren gaitzaren agerpenak sektoreari kalte egin diezaiokela uste baitu. Gizakiarentzat arriskurik ez izan arren, gizartean sortzen den asaldadurak kontsumoa murriztuko duela uste dute, eta galera horiei aurre egiteko laguntzak eskatu dizkiote administrazioari.
ENBAk, berriz, lasaitasunerako deia egin die baserritarrei zein kontsumitzaileei. Baserritarrei "arduraz eta profesionaltasunez" jokatzeko eskatu die, agintariek emandako aholkuak betez eta prebentzio neurriak hartuz. Kontsumitzaileei, berriz, oroitarazi die gizakiei ez diela eragiten, eta Europako beste gune batzuetan oso zabaldutako eta ondo kontrolatutako eritasuna dela.
Ekonomia
Mingain urdinaren gaitza dela-eta abereak mugitzea galarazi du Gipuzkoako Diputazioak
Mugitzeaz gain, abelgorri eta ardien feriak egitea ere debekatu dute. Orain arte Oiartzun eta Errenteria inguruetan atzeman dute gaitza, baina dagoeneko beste gune batzuetara zabalduta egon daitekeela uste dute. Eritasuna zabaltzea eragoztea da debekuaren xedea. Nafarroako Gobernuak, berriz, atzo jarri zuen galarazpena indarrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu