Ministroak luzapena eskatzeko esan zion Garoñari

Zentral nuklearra desmuntatzeko planari buruzko azalpenak emateko eskatu dio Greenpeacek CSNri

Ainara Arratibel Gascon - Mikel Peruarena
2012ko irailaren 11
00:00
Entzun
Nuclenorrek Santa Maria de Garoñako zentral nuklearraren (Burgos, Espainia) jarduera baimena luzatzeko eskatu ez duela eta, «harrituta» dago Espainiako Industria ministro Jose Manuel Soria. «Ez dugu inolako azalpenik aurkitzen kudeatzaileek luzapena ez eskatzeko. Baina eskubide eta legitimitate osoa du horretarako. Guk ez dugu inor behartuko luzapena eskatzera», esan zuen atzo. Jakinarazi zuen, gainera, Nuclenor zentralaren jabeari baimena eskatzeko proposamena egin ziola ministroak berak.

Iragan ostegunean amaitzen zitzaion Nuclenorri jarduera baimena luzatzeko eskaria egiteko epea. Baina ez zuen egin. «Erreforma energetikoaren edukiak alde batera utzita, nik neuk eta Ministerioko beste hainbat kidek, luzapena eskatzea galdegin genion [Nuclenorri]. Izan ere, erreformaren nondik norakoen berri izan ostean, aukera zuen atzera egiteko», azaldu zuen Soriak. Alegia, baimena balu, ondoren zentrala gelditu ahal izango zuela. Baina, Soriaren hitzetan: «Luzapena eskatu ez duenez, orain ezin du zuzenketarik egin». Ministroak gidatzeko baimenarekin eta autoarekin parekatu du egoera: gidatzeko baimena berritu behar eta egiten ez duenak ezin duela autorik gidatu oroitarazi du.

Ostegunaz geroztik, Espainiako Gobernuko ministro kontseiluak, CSN Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluak eta Soria ministroak hitz egin dute Garoñako zentralaren geroaz. Orain artean, jarduera baimena luzatzeko modurik ez dagoela azaldu dute hitz egin dutenek. Nuclenor enpresak, berriz, oraingoz ez duela adierazpenik egingo esan dio BERRIAri. CSNk bihar goizean egingo du osoko bilkura, eta espero da gaia aztertuko duela; ez da segurua, ordea, inolako erabakirik hartuko duen. Ez Industria Ministerioak ez CSNk berak, inork ez du argitu hurrengo urratsa zein izango den. Hamar hilabete barru bukatzen zaio jarduera baimena Garoñari, eta planta desmuntatzeko plana martxan jarri beharko litzateke. Baina ez da halakorik oraingoz.

Xanpainarekin ospatzen

Igandean festa giroan joan ziren ekologistak zentral nuklearraren atariraino, urtero egiten duten martxan. Aurtengoa azkeneko martxa izango den itxaropena zuten. Atariraino joan, eta itxieraren alde egin zuten topa, xanpainarekin. Han izan ziren, zentrala behin betiko ixteko eskatzen, Amaiur, EH Bildu, Ezker Batua-Berdeak eta Equo alderdietako ordezkariak, eta Euskal Herritik joandako herritarrak.

Itxierarengatik topa egin zuten arren, Greenpeace talde ekologistako Espainiako zuzendari Mario Rodriguez kezka agertu zuen atzo, zentralaren jarduera luzatzeko «trikimailu juridikoren bat» erabil dezakeelako Espainiako Gobernuak. «Eskandalagarria litzateke, Garoñaren itxiera juridikoki eta politikoki dagoelako erabakita. Baina ezin da baztertu». Gogorarazi du patronalak ere onartzen duela zentrala «garestia eta segurtasun gabea» dela. Garoña nola desmuntatuko duen azaltzeko eskatu dio CSNri. Plan hori duela bi hilabete aurkeztu behar zuen Nuclenorrek.Eskutitz bidez egin du eskaria Greenpeacek.

Bestalde, Gasteizko Udalak ez du auzibidean jarraituko Garoñaren itxiera eskatzeko. Javier Maroto alkatearen arabera, Nuclenorren erabakiaren ostean «egun gutxi» geratzen zaizkio Garoñari: «Jarraitzeak kostu ekonomikoa baino ez liguke ekarriko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.