"ETAk armak eman nahi ditu", baina mintzakide baten zain dago "nori eta zein baldintzatan eman jakiteko". Efe berri agentziak Laura Mintegi EH Bilduko bozeramaileari eginiko elkarrizketa batean, Mintegik esan du Espainiako Gobernuak "epe motzean" amai dezakeela indarkeria, ETAk armak eman nahi baititu. Armez hitz egiteaz gain, biktimez eta presoez ere mintzatu nahi da erakunde armatua.
Mintegiren ustez, irtenbidea "erraza" da, gobernuek jarrera "intransigentea" alboratu eta biktimez, presoez eta armak emateaz eztabaidatzeko egutegi bat ezartzen badute. Arazo politikoei irtenbide politikoak eman behar zaizkiela gaineratu du.
Ohartarazi du gatazka armatu bat duen munduko edozein gobernu pozarren egongo litzatekeela halako egoera batekin, eta erantsi du: "Arduragabekeria politiko izugarria iruditzen zait entzungor egitea borroka armatua amaierari buruzko eskaera bati".
Mintegiren hitzetan, bakeak ezin du izan "autista edo oroimenik gabekoa", eta aitortu du prozesu "gogorra" dela "eragin duen eta oraindik eragiten ari den sufrimendu izugarriagatik". Izan ere, indarkeria molde ugari izan direla oroitarazi du: "Armatua, juridikoa, eskubideen urraketak, torturen eta bahiketen ukazioa".