Laura Mintegi EH Bilduko Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteari erantzun dio, Bilbon eginiko agerraldi batean: "Zerbait legala izateak ez du esan nahi legitimoa denik. Are gehiago, legalitatearen barruan egin dira genozidio linguistiko larrienak". Mintegik gaineratu du, berez, “lege franko" egin direla "herri honen hizkuntza eskubideak urratzeko”.
Gipuzkoako udal batzuk ari dira kontratazioetan hizkuntz irizpideak ezartzen, eta horien aurka auzitara jo du Carlos Urkijok, Espainiako Gobernuak EAEn daukan ordezkariak.
Mintegik kritikatu egin ditu Urkijok udaletako hizkuntza politiken harira hartutako neurriak: “Erabaki subiranoen aurka ari da, eta Urkijo ez da nor autonomia munizipala urratzeko”. Haren ustez, Rajoyk eta Urkijok argitu behar dute "noren eskubideak defendatzen dituzten, agerikoa baita ez dabiltzala euskal herritarren alde egiten. Gure gizarteak argi eta garbi egin du bi hizkuntza ofizial izatearen aldeko eta guztien hizkuntza eskubideak errespetatzeko apustua”.
Gai horri buruz mintzatu ziren Espainiako Senatuan. Salaketa bidegabeak direla esan zuen Jokin Bildarratz EAJko senatariak, eta zerbitzu publikoa euskaraz jasotzeko eskubidea defendatu zuen.
Rajoyk, ordea, Urkijoren lana goraipatu zuen. "Legea betetzeko betebeharra du". Gobernuburuak azaldu zuen euskara eta gaztelania erabiltzeko eskubidea dutela herritarrek, eta inor ezin dela "diskriminatu" hizkuntza bat edo beste erabiltzeagatik. "Eta hori egin dute udal batzuek, gobernu ordezkariaren ustez". Urkijo bere lana egiten ari da, Rajoyren esanetan. "Ez dago euskararen aurkako erasorik edo euskararekiko errespetu faltarik".