Mintegik dio legebiltzarkide gehien lortzen duen indarrak gobernatu behar duela

Iaz, Kongresuko hauteskundeetan EAEn EAJk eskuratu zuen boto gehien, baina Amaiurrek parlamentari bat gehiago lortu zuen. 1986ko Eusko Legebiltzarrerako bozetan, antzekoa: EAJk boto gehien, PSE-EEk bi legebiltzarkide gehiago; Ardanza izendatu zuten lehendakari.

enekoitz esnaola
2012ko irailaren 7a
17:44
Entzun

Egon daitezkeen gobernu koalizioak aparte utzita, zeinek gobernatu behar du Eusko Jaurlaritzan: hauteskundeetan boto gehien lortzen duen indarrak —gertatzen bada— ala boto gehien ez baina legebiltzarkide gehien lortzen duenak?

Laura Mintegi EH Bilduko lehendakarigaiak gaur irrati kate batean esan du urriaren 21eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan aulki gehien eskuratzen duenak hartu behar duela gobernatzeko ardura. Haren arabera, "hautestontzietako borondatea errespetatu" egin behar dute indar guztiek, "eta herritarrek erabakitzen badute halako alderdik izatea ordezkari parlamentari gehien, indar horrek goberna dezala".

Iazko azaroaren 20ko Espainiako Kongresurako hauteskundeetan EAEn EAJk erdietsi zuen boto gehien: 323.517; bost parlamentari. Amaiurrek —EH Bilduko eragileek beraiek osatzen dute— boto gutxiago batu zituen aipatutako erkidegoan —284.528; bigarren indarra—, baina parlamentari gehien hark izan zuen: sei.

1986ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan antzekoa gertatu zen: boto gehien EAJk (271.208), bigarren PSE-EEk (252.233), baina legebiltzarkide gehien PSEk eraman zituen (19) eta EAJk 17. Alderdi jeltzalean zatiketa gertatu berria zen. Orduko negoziazioen ondorioz bi alderdiek akordioa lortu ostean, Jose Antonio Ardanza EAJkoa izendatu zuten Jaurlaritzako lehendakari. HBk 1986ko bozetan 13 legebiltzarkide eskuratu zituen (199.900 boto); EAk ere 13 (181.175).

Mintegik adierazi du ez diola beldurrik EAJk, PSE-EEk eta PPk EH Bilduren aurka frontea osatzeari. "Baina leitzen ditut egunkariak, eta ikusten dut jokoa".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.