indarkeria matxista

Mireia Sierra Martinez

Deustu, 2012ko maiatzaren 25a.

2012ko maiatzaren 25a
05:00
Entzun

Mireia Sierra Martinezen azpiko pisuan bizi zen Rafael T. M., Deustun (Bizkaia), Ramon y Cajal kaleko 42.ean. Gizonak arazo eta liskar asko izan zituen auzoekin; atxilotu ere behin baino gehiagotan egin zuten. Eskizofrenia paranoide bat zuela, eta goiko pisuan bizi zitzaion emakumearen ahotsak entzuten zituela esan zuen epaiketan. 

2012ko maiatzaren 25 hartan, maleta batekin atera zen Mireia Sierra bere etxetik. Asteburua kanpoan pasatzeko intentzioa zuen. Baina Rafaelek sumatu zuen emakumea etxetik ateratzen ari zela, labana bat hartu zuen, eta atzetik jarraitu zion. Etxeko atarian, eztabaidan hasi ziren, eta gizonak labana atera, eta eraso egin zion emakumeari. Kaleraino atera ziren borrokan; gizonak mendean hartu zuen, eta 52 labankada sartu zizkion. Odolustuta hil zuen. 44 urte zituen Sierrak; kataluniarra zen sortzez, baina gazterik etorri zen Euskal Herrira bizitzera.

Gizona bere etxera igo zen, eta labana garbitu zuen. Bizilagunek larrialdietara deitu zuten. Erizain eta medikuek ezin izan zuten ezer egin emakumearen biziagatik. Ertzainek aurki atxilotu zuten gizona, bere etxean. Momentu hartan, hilketa aitortu zien. Geroago, epaiketan, esango zuen ez zela gogoratzen zer gertatu zen; etxean bakarrik gelditu zela, ama joan zenean, eta zigarro bat erretzen gelditu zela, eta hurrengo oroitzapena komisarian zuela, odoldutako arropa kentzen.

Epaiketa ia bi urte geroago egin zioten, 2014ko urtarrilean. 2011n zentro psikiatriko batean ingresatua egona zen gizona, baina handik atera eta laster medikuetara joateari eta medikatzeari utzi zion. Izatez, Sierrak eta gizonak apenas ez zuten harremanik izan; urtebete eskas zen emakumea etxe hartara bizitzera joan zela. Gizonak, epaiketan, ordea, esan zuen bazirela hiru urte ahots batzuk aditzen zituela goiko pisutik, Sierrarenetik, eta etxetik botako zutela esaten ziotela ahots horiek. Akusatuak aitortu zuen egun hartan haserre zegoela, Sierra «soinu asko» egiten ari zelako.

Hortik aurrerako kontakizuna berretsi zuten lekukoek, eta akusatuak ez zuen ukatu. Epaiketan jakin zen, bestalde, Rafael T. M.-k liskar asko izanak zituela bizilagunekin. Auzo baten etxeko ateari aizkorarekin eraso egin zion behin; beste auzo bati, emakume bati, hil egingo zuela mehatxu egin zion; etxekoekin ere indarkeria erabili izan zuen, eta lesio delituen salaketa bat ere bazuen bere kontra.

Azkenean, zinpeko epaimahaiak ebatzi zuen hiltzailea bera izan zela, baina arazo psikiatrikoak zituela ere aintzat hartu zuen. Epaileak, beraz, hamahiru urteko kartzela zigorra ezarri zion, eta beste hogei urtez zentro psikiatriko batean ingresatzeko agindu zuen. Horrez gainera, beste bost urtez baldintzapeko askatasunean eta zainduta egoteko agindu zuen, gizonak arrisku larria zuela iritzita. 37 urte zituen hilketa egin zuen egunean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.