Mobilizatzeko deia egin du gehiengo sindikalak etziko

Auzipetuak «berehala eta baldintza gabe» askatzeko eskatu dute ELAk, LABek, EILASek, EHNEk eta Hiruk

Erredakzioa
2011ko irailaren 17a
00:00
Entzun
ELA, LAB, EILAS, EHNE eta Hiru sindikatuek Bateragune auziko epaia salatzeko elkarretaratzeak deitu dituzte astelehenerako. Hego Euskal Herriko hiriburuetan eta eskualdeetan egingo dituzte bilkurak, Epai politikorik ez. Eskubide guztiak guztiontzat lelopean, 12:00etan. Bilbon Moyua plazan izango da, Donostian Bulebarrean, Gasteizen Andre MariZuriaren plazan eta Iruñean Udaletxe plazan.

Bateragune auzian epaitu eta zigortu dituztenak «berehala eta baldintzarik gabe» aska ditzatela eskatu du gehiengo sindikalak prentsa ohar batean. «Garatu izan duten jarduera politikoa ezin da, inondik inora, sistema demokratiko batean inor espetxeratzeko arrazoia izan», adierazi dute.

ELA, LAB, EILAS, EHNE eta Hiru sindikatuek euskal gatazkaren «konponbide demokratikoaren» alde duten konpromisoa berretsi dute, eta euskallangileriari eskatu diote helburu berarekin engaiatzeko. Sindikatuen ustez, Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Sonia Jacinto, Miren Zabaleta eta Arkaitz Rodrigueziespetxe zigorra ezarri izana «oso larria» da, eta, gainera, gaur egungo abagune politikoan «tokiz kanpo» dago halako epai bat. Izan ere, gehiengo sindikalak nabarmendu du Bateragune auzian zigortutako lagunek euskal gatazka konponbidean jartzeko lan politikoa egin dutela.

Errepresioa amaitu

Espainiako Auzitegi Nazionaleko laugarren aretoko epaileek Bateragune auzian eman duten sententzia «erabat bidegabea» dela salatu dute sindikatuek. Horiek horrela, gehiengo sindikala eratzen duten bost sindikatuekazpimarratu dute ezinbestekoa dela «jazarpen estrategiei» amaiera ematea: «Guztiz ezinbestekoa da Estatuaren aldetik izan diren errepresio estrategiak eta justiziaren erabilera politikoak gainditzea, haien ondorioz etorri baita erabat bidegabea eta tokiz kanpo dagoen epaia».

Horri loturik, ELA, LAB, EILAS, EHNE eta Hiru sindikatuek gogoratu dute euskal gizarteak aspalditik eskatzen ari delaadierazpen eskubidea eta parte hartze politikoa bermatuko duen normalizazio politikoa. Horregatik, gehiengo sindikalak dei egin dio euskal gizarteari, eta, bereziki, langileriari epaiaren aurkako salaketa egin dezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.