Gaur aurkeztuko da, Donostiako Kursaal jauregian, presoen aldeko mugimendu berria: Herrira. Fran Balda (Arbizu, 1967) da mugimenduko eleduna. Baldak salatu du Frantziako eta Espainiako gobernuek ez dutela urratsik egin euskal preso eta iheslarien auziari konponbidea emateko. «Presoek zein haien senideek politika bortitz hori jasaten jarraitzen dute». Egoera hori iraultzeko, herri mobilizazioa funtsezkotzat jotzen du, eta hori antolatzeko tresna izateko asmoz jaio da Herrira.
Argi diozue helburu nagusia euskal preso eta iheslariak etxeratzea dela.
Garbi daukagu gatazka politikoaren konponbidean preso eta iheslariak etxean eduki behar ditugula. Ez dugu ikusten preso eta iheslari gehiago egongo diren egoerarik. Hori da gure iparra.
Bide luzea geratzen den heinean, jarri al diozue zuen buruari eperik?
Oraindik ere, estatuek ez dute pausorik eman. Badakigu denbora luzea beharko dugula helburuak betetzeko, baina mugimendu berri hau tresna bat izango da ahalik eta azkarren betetzeko. Indarra horretan jarriko dugu.
Alberto Ruiz Gallardon Justizia ministroak esan berri du ez dela amnistia orokorrik egongo, Espainiako legediak ez duelako horrelako neurririk jasotzen.
Gure ustez, Espainiako Estatua ez da etorri konponbidearen eremura. Presoentzako banakako konponbideez mintzo da, baina pentsatzen dugu kontraesan batean erortzen dela, kolektibo bati ezartzen diotelako bere espetxe politika. Esaten dutena esanda ere, pausoak eman behar dituzte egoera konpontzeko. Mugitzeko garaia da. Horregatik, lehenik eta behin, muturreko egoerak indargabetzen joan behar dira. Hau da, salbuespenezko legeak indargabetu behar dituzte eta preso politikoek Euskal Herrian egon behar dute. Sakabanaketa amaitu egin behar da. Alde batetik, presoek prozesuan parte hartu behar dutelako beste eragile baten moduan eta, bestetik, sufrimendu gehigarria delako senideentzat. Adibidez, hor dago Txus Martinen egoera. Oso larria da haren egoera, baina Espainiako Auzitegi Nazionalak ezezkoa eman berri dio askatzeko eskaerari. Gaixotasun larria duten presoak zortzi dira, eta horietatik has daitezke pausoak ematen.
Espainiako Gobernuak zergatik zabaltzen ditu mezu kontrajarriak?
Beharbada, adierazten du ez dagoela egoera atsegin batean. Dena den, uste dut eurak ere jabetzen direla zer momentutan gauden Euskal Herrian eta eurei ere pausoak ematea dagokiela. Horrek ez du esan nahi borondate handirik dutenik. Hemen sortzen dugun presio sozialaren arabera mugituko da egoera. Ziurrenik, berregokitze baten bila dabiltza. Horregatik egiten dituzte hain adierazpen desberdinak.
Zer irizten diezu bai herri mobilizazioan bai presoen auzia agenda politikoan sartzeko orduan orain arte egin diren urratsei?
Urrira edo azarora atzera joz gero, bazen gaiarekiko itxikeria bat. Erdigune politikotik kanpo zegoen. Alderdi askok sentitu dute beharra mugitzeko. PPren aldetik ez dago horrelako aurrerapauso handirik, baina beste batzuek, bai, egin dituzte urratsak. Gure ustez, mobilizazio sozialaren ondorioa da.
Zeintzuk zaudete atzean?
Borondate asko dago mugimendu honen atzean. Pertsona horiek guztiak ez ditu ideologiak batzen, preso eta iheslariak etxera ekartzeko eta arazo hau konpontzeko nahiak baizik. Asko eta asko gara.
Herritarrak aktibatzeko orduan, zer lan dago oraindik egiteko?
Lan handia dago egiteko. Estatuen aldetik ez dago borondaterik, baina herria politikarien eta alderdikerien gainetik egon ohi da, eta horrek erakusten du bidea.
Estatuek urratsik egin gabe jarraitzen duten heinean, mobilizazioak handitzen joango al dira?
Bai, mugimendu honen oinarria herrietan sortuko diren ekinbideetan datza. Horrek ez du esan nahi bai Euskal Herri mailan bai herrialde mailan mobilizaziorik egingo ez denik. Nazioartean ere lan egingo dugu, eta hainbat eta hainbat eragilerekin hitz egingo dugu presoen gaia Euskal Herrian eta nazioartean puri-puri jartzeko.
Zer garrantzi du eragile sozial eta politikoekin harremanak lantzeak?
Orain arte interpelazio asko egin dizkiegu, baina argi dugu gizarteko edozein sektorerekin harremanetan jarri behar garela. Arazoari konponbidea emateko gakoetako bat da. Harremanak landu, zubiak eraiki eta jendearen borondateak bildu nahi ditugu, eta sindikatuekin eta alderdiekin harremanetan sakondu.
Etxerat-ek salatu du Frantzian hainbat presoren aurkako neurriak hartu dituztela; baina, era berean, Asanblea Nazionalak ere presoak etxetik gertu egoteko legea onartu berri du.
Asanblea Nazionalaren urrats hori positiboa da, baina garrantzi handiagoa ematen diegu UMPko Jean Grenetek berak Asanblea Nazionalean esan zituen hitzei. Egoera berri batean gaudela esan zuen, eta pauso handiak eman behar direla, ez soilik presoek etxera ekartzeko bidean, baizik eta urrats sakonagoak eginez.
Nola bizi dute senideek eta presoek egoera hori?
Xedea da ez presoak ez senideak ez direla inoiz bakarrik egongo. Haien aldamenean egingo dugu bide hori. Eurek askotan sentitzen dute eurei buruz hitz egiten dela baina ez dela inongo pausorik ematen arazoa konpontzeko. Azpimarratu nahiko nuke asko hitz egiten dela presoen kolektiboaz baina inor ez da harremanetan jartzen presoen kolektiboarekin. Oso garrantzitsua litzateke bai komunikabideak bai eragileak haiekin harremanetan jartzea eta haien iritzia jasotzea. Gu gara preso eta iheslariak etxera ekartzeko mugimendua, baina preso politikoek beraiek badute iritzia. Eurek argitu dezakete gehiago nola bizi duten egoera.
Fran Balda. Herrira mugimenduko ordezkaria
«Mobilizazio sozialaren ondorioz, mugitzeko beharra sentitu dute alderdi askok»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu