Indarkeria matxista

Mobilizazioa antolatu dute biharko Villabonan, hilketa matxista salatzeko

Villabonako emakume bat hil dute Espainian, eta senarra atxilotu dute hura hiltzea egotzita. Arma zuriz egindako zaurien ondorioz hil da emakumezkoa, 42 urtekoa. Senarrak hil duela uste da, eta atxilotuta daukate. Aurten hil duten laugarren euskal herritarra da.

Guardia Zibila Arroyo de la Luz herrian, billabonatar emakumea hil duten tokian. ESTEBAN MARTINENA GUERRERO, EFE
2017ko abuztuaren 24a
07:20
Entzun

Extremadurako Gobernu ordezkaritzak jakinarazi duenez, goizeko zazpiak aldera hil da emakumezkoa, Arroyo de la Luzen (Extremadura, Espainia). Eztabaida izan dutela uste da, eta horren ondoren hil duela 42 urteko gizonezkoak adin bereko emakumezkoa.

Caceresko Arroyo de la Luz herrian gertatu da. Han bizi zen bikotea azken hamabost urteetan, beren bi alaba adingabeekin batera. Gizonezkoa hangoa da, eta emakumezkoa villabonatarra, Gipuzkoakoa. Haurrak aitona-amonekin daude orain —herri hartan bizi dira gizonezkoaren gurasoak—, eta, gobernu ordezkaritzaren arabera, psikologoen laguntza jasotzen ari dira.

Gizonezkoak ere zauriak ditu, eta San Pedro de Alcantarako erietxera eraman dute. Guardia Zibilaren eskuetan dago, atxilotuta.

Hilketa gaitzesteko, mugimendu feministak elkarretaratzera deitu du biharko, Villabonan. 19:00etan egingo dute protesta. Aurrez, 18:30ean, manifestazioa egingo dute Malkar plazatik abiatuta.

Beste hiru

Aurten, oraingo honen aurretik, Euskal Herriko hiru emakume hil dituzte. Urtarrilaren 10ean, Elvira Lopez hil zuen haren semeak, Portugaleten (Bizkaia); emakumeak 92 urte zituen, eta alzheimerra zuen. Handik lau egunera izan zen hurrengo hilketa, urtarrilaren 10ean: Blanca Marques, 48 urtekoa, senarrak hil zuen, Burlatan (Nafarroa); biharamunean, gizonak Ultzama ibaira bota zuen emakumearen gorpua, eta, handik bi egunera, emaztea itota hil zuela aitortu zien poliziei; hilaren 19an aurkitu zuten andrearen hilotza, Arga ibaian, gizonak bota zuen lekutik sei kilometrora. Eta, hirugarrenik, maiatzaren 2an gertatu zen beste euskal herritar baten hilketa. Raquel Lopez eta haren semea Madrilen hil zituen Lopezen senarrak, labanaz; Eibarkoa (Gipuzkoa) zen andrea, eta Madrilen bizi zen. Emakumeak 45 urte zituen; semeak, berriz, 12.

2016. urtean, indarkeria matxistak arrasto nabarmena utzi zuen Euskal Herrian; guztira, zazpi emakume hil zituzten, horietatik hiru adingabeak. 2010 eta 2015 artean, Hego Euskal Herrian hamalau emakume hil zituen indarkeria matxistak.

Gipuzkoako erakundeen gaitzespena

Gipuzkoako Foru Aldundiak "gaitzespenik irmoena" agertu du hilketagatik. Diputazioko bozeramaile Imanol Lasak babesa adierazi die emakumearen senitarteko eta lagunei, eta foru erakundearen laguntza eskaini die: "Indarkeria oraindik ere gure gizartean dauden gizon eta emakumeen arteko ezberdintasunen arteko adierazlerik argiena da; asko daukagu egiteko esparru honetan".

Gipuzkoako Batzar Nagusiek ere gaitzetsi dute hilketa, eta herritarrei eskatu diete "konpromiso pertsonal eta kolektiboa hartzeko emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde". Gainera, dei egin dute hilketa salatzeko antolatuko diren elkarretaratzeetan parte hartzera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.