Mobilizazioak, elkarretaratzeak eta itxialdiak ari dira egiten Osakidetzako langileak murrizketen kontra eta Osakidetzako zuzendaritzari eskatzeko mahai sektorialean "ganorazko proposamena" egin dezan, joan den astelehenean aurkeztutakoa "adarra jotzea" izan zela iritzita. Barakaldoko Gurutzetako ospitalean (Bizkaia), adibidez, itxialdia egin dute erietxeko harreran, eta ondoren elkarretaratzea egin dute ospitalearen aurrean.
Gurutzetako mobilizazioak arazorik gabe egin dituzten arren, sindikatuetako ordezkariek salatu dute beste zenbait lekutan Osakidetzako zuzendaritza saiatzen ari zela protestak galarazten eta itxialdian zeuden langileak kaleratzen.
ELAko Pello Igeregik esan du "lotsagarria" iruditzen zitzaiola "murrizketak jasan behar izateaz gain Osakidetzak zentsura erabiltzea langileei haserrea erakusten ez uzteko".
Osakidetzak, berriz, dei egin die sindikatuei antolatutako itxialdi eta mobilizazioak "erietxeetan dauden gaixoei eta haien senitartekoei begirunea erakutsiz" egin ditzaten.