Kidetzak gogorarazi duenez, 2011ko otsailean onartu zuen Eusko Legebiltzarrak zaintza partekatuaren aldeko legez besteko proposamen bat; elkarteak lau urteotako balorazioa egin du, bereziki talde politikoen zuzenketei erreparatuz, eta hainbat proposamen aurkeztu ditu.
Araua oraindik onartu ez izana "ulergaitza" iruditzen zaie, eta beren zereginak ez egitea egotzi die alderdi politikoei. Lan horiek bizkor ditzatela eskatzeko, mobilizazioak egingo dituzte martxoan, apirilean eta maiatzean, araua ekainerako onar dezaten.
Alderdien zuzenketak aztertuta, beharrezkotzat jo dute hainbat neurri eranstea: besteak beste, bikote bat banantzean etxebizitza erabiltzeko muga seme-alaben adin nagusitasuna izatea, seme-alabak eta behar ekonomikoak dituzten pertsona bananduek lehenetasuna izatea alokairu sozial bat eskuratzeko, eta elikadura pentsioak ordaintzen ez diren kasuetarako diru funts bat sortzea.