Espainiako Gobernuak atzo goizean aurkeztu zuen Auzitegi Konstituzionalean Ibarretxe planari aurre egiteko inpugnazioa. Gasteizko Hirukoa osatzen duten alderdietako hiru ordezkariak proposamenaren eztabaida hasi ere ez dela nabarmendu dute, eta eztabaida hori Eusko Legebiltzarrean eta euskal gizartean egin behar dela azpimarratu du. Hala ere, ez dute baztertzen mobilizazio handi bat antolatzea plana defendatzeko, baina ez dute lehentasunezkotzat jotzen.
"Guk proposamen bat jarri dugu mahai gainean, eta behar den lekuan eztabaida dadila, hori baita demokratikoa", adierazi du Markel Olano EAJko kideak. Eusko Alkartasuneko Sabin Intxaurragarren ustez, mobilizaziorako eskubidea eta aukera hor dago beti, "gure proposamena demokratikoa delako, eta Estatutuan eta Konstituzioan plan demokratikoak egiteko eskubidea jasotzen delako". Hala ere, eztabaida galarazten bada, "demokrata guztiok kalera atera beharko genuke", esan du Intxaurragak.
EB-IUko Mikel Aranarentzat mobilizazioak planteatzeko garaia ez da oraindik iritsi, eztabaida oraindik ez delako hasi. "Guk eztabaida hau ematea bermatu behar dugu, bai Legebiltzarrean eta bai euskal gizartean, demokrazia bermatzeko", esan du. Aranaren esanetan, eztabaida ukatzea baino "gauza totalitariogorik ez dago".
"Legebiltarraren aktibitatea Madrilek arautzen du"
Pernando Barrena Batasuneko kidea Jose Maria Michavilak Espainiako Justizia Ministroak egindako adierazpenak "ikaragarriak" direla esan du. Hala ere, argi utzi nahi izan du Gasteizko Legebiltzarraren aktibitatea Madrilek irautzen duela, eta "hemendik aurrera Auzitegi Konstituzionalak arautuko du". Barrenaren esanetan, ezker abertzaleak sarritan esan du Gernikako Estatutuak ez duela balio tresna gisa, eta gainditu egin beharra dagoela. PPren estrategiaz ere mintzatu da, eta "eztabaida sistematikoki urratzen" duela azpimarratu du. "Aldaketa politiko nimiñoren bat ekar dezakeen edozein gauzaren aurka jotzen dute", nabarmendu du.
PSE-EEko Ramon Etxezarretak berriz, Eusko Jaurlaritzaren proposamena aurrera ateratzeko gehiengo bat behar dela esan du, eta gero Espainiako Korteek onartu beharko dutela, "baina hori hala izatea nahiko zaila iruditzen zait". Etxezarreta akordio politiko berri baten alde agertu da.
Tramitazioaren onarpena
Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Madrilgo Gobernuaren inpugnazioa tramitera onartuko duen ala ez galdetu dio bost tertuliakideei, eta Barrenak hori garbi duela adierazi du. "Estatuak urratsak ematen dituenean gauzak ondo lotuta izaten ditu. Oraindik, agian, ez da lege urraketarik egon, baina nola lege aurreikusten denez, PPk aure egiteko estrategia abian jarri du jada", azpimarratu du.
Politikoen eztabaida
Mobilizazioak egitea ez dute baztertzen Hirukoaren ordezkariek, baina eztabaida Legebiltzarrean egin behar dela berretsi dute
Espainiako Gobernuak Auzitegi Konstituzionalean Ibarretxe planaren aurka jarritako inpugnazioa dela-eta, EAJko Markel Olano, EAko Sabin Intxaurraga eta EB-IUko Mikel Aranak ez dute baztertzen kalera ateratzea Jaurlaritzaren proposamena defendatzeko, baina eztabaida "abiatu ere egin ez" denez, mobilizazioekin hasteko garaiz dela iritzi diote, eta eztabaida Eusko Legebiltzarrean eta euskal gizartean eman behar dela berretsi dute Euskadi irratiko hitz aspertuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu