CPDT Torturaren Salaketa eta Prebentziorako koordinakundeak urtero egiten duen txostenean azaldu du mobilizazioetan poliziaren erasoa jasan duten herritarren salaketa kopurua igo egin dela 2012an. Jasotako salaketen %69 halako salaketak direla jakinarazi dute. Horrez gain, koordinakundeak adierazi du inkomunikazio aldian tortura eta tratu txarrak salatu dituzten herritar kopurua jaitsi egin dela, baina nabarmendu du atxiloketa mota hori desagertzearen alde lanean jarraituko duela.
"Aurreko urteetan ikusi da mobilizazioetan parte hartzean jasandako tratu txarrak ez zituztela salatzen. Askotan, salatuz gero, polizien aldetik haien aurkako salaketak eragiteko beldur zirelako", dago idatzita txostenean. Horregatik, tratu txar eta tortura salaketa guztiak ez dituela biltzen adierazi du.
Guztira Espainiako Estatuan 851 herritarrek salatu zituzten torturak edo tratu txarrak. Horietako 68 euskal herritarrak ziren. Horrez gain, hiru euskal herritarrek salatu zuten atxilotu eta Madrilera bidean tratu txarrak jasan zituztela. Datuak hartuta, 100.000 biztanletik 2,49k torturak salatu ditu 2012an.
851 herritar horien artean, 514k salatu dute Polizia Nazionalak egin ziela erasoa, 61ek Guardia Zibilak egin ziela eta 39k bertako poliziek. 35 herritarrek salatu dute Ertzaintzak egin ziela eraso. Nabarmendu dute 851 herritar horien salaketetan 53 kazetari daudela. 103 etorkinei egindako eraso salaketak dira, eta 82 presoei egindakoak.