Autodeterminazioaren alde, baldintza demokratikoak Euskal Herriarentzat lelopean Amnistiaren Aldeko Mugimenduak gaurko deituta zituen mobilizazioak debekatzeko agindu du Espainiako Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epaileak. Fiskalak hala egiteko eskatu zion, deialdia Askatasunak egin zuela pentsatzeko "nahikoa arrazoi" badagoela iritzita. Beraz, segurtasun indarrei mobilizazioak debekatzeko behar diren neurriak hartzeko agindu die Garzonek. Eta deitzaileei deialdiak bertan behera uzteko. Aurrera eramanez gero, manifestazioen deitzaileak eta antolatzaileak atxilotzeko agindu du, «erakunde terroristako» kide izatea eta aginpide judizialari desobedientzia larria egitea egotzita. Debekuarekin fiskalaren eskaera aintzat hartu du, honenbestez.
Nolanahi ere, mobilizazio horiek AAMk deitu zituela gogorarazi dute gaur prentsaurrekoan Larrinagak, Olanok, Permachek eta Alvarezek, eta mobilizaziorako deiari eutsi egiten diela nabarmendu.
Dignidad y Justicia taldeak lehengo ostegunean egindako eskaera aintzat hartuta, mobilizazioa deialdiak debekatzeko eskatu zuen atzo arratsaldean fiskalak Garzoni. Ostegunean Dignidad y Justicia taldeak poliziari eta Guardia Zibilari mobilizazioen inguruko deitzaileei buruzko txostenak egin zitzan eskatu zion. Txosten horiek aurkeztu ostean egin zuen fiskalak debeku eskaera. Deia egin dutenen atzean Askatasuna egon zitekeen zantzuak bazeudela zioen fiskalak, eta jarduerak etenda dituen erakundea izanda deialdirik egin ezin duenez, mobilizazioetara ezin duela deitu argudiatu zuen debekua eskatzeko.
AAMk, bere aldetik, mobilizazioaren beharra nabarmendu du azken egunotan. Euskal herritarrek prozesuari «tinko» eutsi behar diotela iritzi dio. Prozesua blokeatuta dagoela diotenen aurrean, blokeatuta ez, «bahitua» dagoela uste du. Juan Mari Olanok BERRIAri azaldu dionez, «Zapaterok bahitu egin dio prozesua Euskal Herriari, eta negoziaketa teknikora eraman nahi du. Gatazkari konponbiderik emango ez dion norabide batera». Benetako konponbidea etorriko bada euskal herritarren borondatea errespetatu behar dela iritzi dio, batetik. Eta bestetik, errepresio politikoari dagokionean, espetxe politikan urrats kualitatiboak egin direla dio. Eta Auzitegi Nazionalak eta Parisko Auzitegiko 14. sekzio bereziak esku hartze zuzena dutela. «Horiek arazo ikaragarriak dira giza sufrimendua sortzen dutenak, eta bizitza sozial eta politikoa baldintzatzen dutenak». Baldintza horietan gobernu biek Euskal Herriari prozesua garatzea ezinezko egiten diotela iritzi dio.
LAB-EN DEIALDIAK. Baldintza demokratikoak orain! leloarekin deitu ditu, halaber, LABek mobilizazioak Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean. Gatazka politikoa negoziazio mahaira bideratzeko aukera badagoela uste du LABek. Baina horretarako jendarteak presionatzen segitu behar duela gehitu du, su-etenaz geroztik irekitako itxaropenak Espainiako Gobernuak baldintzatu dituela uste baitu eraso politiko eta judizialen bitartez eta prozesua edukiz hustuz. Horri aurre egiteko deitu ditu gaur eguerdian mobilizazioak.
Politika
Mobilizaziorako deiari eutsi dio AAMk
Gaurko mobilizazio eguna Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) deitu zuela gogorarazi dute AAMko Julen Larrinagak eta Juan Mari Olanok, zein Batasuneko Joseba Permachek eta Josema Alvarezek. Beraz, AAMk "ezker abertzale osoaren babesa duen" mobilizazioetarako deialdiari eutsi egiten diola argitu dute. Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Baltasar Garzonek Askatasunak deituriko mobilizazioak debekatzeko erabakia hartu zuen atzo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu