Moncloako itunak berritu nahiago du EAJk, aliantza abertzalea egin baino

Pedro Aspiazu diputatu jeltzalearen arabera, EAJk ezezkoa eman dio aliantzaren proposamenari, «zentzuz» eta «arrazoiz»Urizarrek dio euskal nazioa badela esateko Madrilgo Kongresura joan behar dela

Erredakzioa
2011ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Iñigo Urkullu EAJren EBBko burua baino argiago mintzatu da Pedro Aspiazu diputatu jeltzalea. Pedro Aspiazuren arabera, EAJk ezetz esan dio aliantza abertzale bat osatzeko EAk, Alternatibak eta ezker abertzaleak egindako proposamenari. Iñigo Urkulluk ez zuen begi onez hartu proposamena, eta haren benetako asmoa zalantzan jarri zuen, baina ez zituen erabili baztertu aditza eta ezezkoa. Pedro Aspiazuk, ordea, argi ikusi du ezezkoa Iñigo Urkulluren adierazpenetan. Pedro Aspiazu diputatu jeltzaleren ustez, Iñigo Urkulluk «zentzuz» eta «arrazoiz» baztertu du EA, Alternatiba eta ezker abertzaleren proposamena. Aipatutako hiru alderdiek Espainiako hauteskundeetan elkarrekin aurkeztea proposatu zieten ostiralean EAJri eta Aralarri, euskal nazioaren alde egingo duen aliantza bat osatuz.

«Gu gure bidea egiten ari gara, eta seguruena haiei ez zaie gustatuko Madrilen egiten ari garena, eta seguruena ez zaie komeniko gure estrategia», adierazi du Aspiazuk Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketa batean.

Elkarrekin aurkezteko proposamena egin duten alderdiek, Aspiazuren ustez, oraindik erakutsi behar dute zeren alde egingo duten Espainiako Gorteetan, eta «zein den beren proiektua Euskadirentzat».

Beste alderdi abertzaleekin batera aurkezteko aukera baztertu badu ere, ez dio ezetz esan haiekin batera bozkatzeko Madrilen planteamenduetan ados daudenean. «Jende zentzuduna izaten saiatzen gara; norbaitekin bat gatozenean sostengatzen dugu», gehitu du. Gogoratu du, halaber, CiU eta ERC Kataluniaren alde egiteko orduan bat etortzen direnean zenbait proiekturen alde batera bozkatzen dutela.

Egoera ekonomikoa aipagai, Iñigo Urkulluk, bestalde, argi du EAJren planteamendua Madrili begira beste parametro batzuetan kokatzen dela. Urkulluren ustez, Moncloako itunak berritzeko unea iritsi da, bai krisi ekonomikoari aurre egiteko bai estatu eredua berraztertzeko. Urkulluren esanetan, trantsizioan bezala, 2011n ere «itun batzuk beharko lirateke, krisi ekonomikoa kontuan hartuko luketenak, eta dagoen estatu eredua eraikitzeko, berreraikitzeko edo aldatzeko». Horren harira, Espainiako Gorteetan ordezkaritza duten alderdi guztien arteko bilera bat proposatu du, «edozein formatutakoa». Urkulluren ustez, herritarrek ez lukete ikusiko bilera ahultasun edo alarma seinale gisa, baizik eta erantzukizun keinu gisa.

Anasagastiren ikuspegia

Iñaki Anasagasti senatari jeltzaleak artikulu bat idatzi du bere blogean abertzaleen arteko aliantza baterako proposamenaren harira, Bildu edo doako propaganda izenburupean. Anasagastiren ustez, Bilduk Gipuzkoan irabazi zuen azken hauteskundeetan,gainerakoen artean eragindako propaganda baliatuta. «Auzitegi Gorenak ez zituen legeztatu, baina handik gutxira Auzitegi Konstituzionalak bai, eta emaitza historikoa izan zuten. Aralar eta Ezker Batua ukituta gelditu ziren, eta bakarrik denbora kontua da Ezker Abertzale handi batean bat egitea. Zilegi da eta bakarrik denbora kontua da. Gertatzen denean, lau hankako mahai batera iritsiko da. Hau da, lau alderdiren inguruan osatutako Euzkadi batera: EAJ, sortu, PP eta PSE».

Nazio aldarrikapena

Pello Urizar EAko idazkari nagusiak, berriz, aliantza abertzalearen planteamenduaren alde egin du. Urizarren ustez, Espainiako Kongresura tonu erreibindikatiboarekin joan beharra dago, euskal herritarrek etorkizuna erabakitzeko duten ahalmena defendatzeko. «Zuk uste baduzu hau nazio bat dela, berariazko sentimenduak, berariazko historia eta, gainera, eskubide batzuk dituena, Madrilen izan behar duzun zeregina eskubide horiek aldarrikatzea da; han legeak egiten direla eta hemen erabaki beharko liratekeen gauza asko han erabakitzen direla jakinda jokatu behar duzu», azaldu du Pello Urizarrek.

EAko idazkari nagusiaren ustez, apustua hara joatea da eta esatea nazio bat dagoela eta bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea duela. «Hara eraman behar da aldarrikapena eta eraginkor bihurtu». Dena, bide baketsuen aldeko apustuaren barruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.