Donostiako Saguesko pasealekuaMonpasko lurmuturreraino luzatuko zuen pasabidea eraikitzeko aurreproiektua deuseztatuko zuela iragarri zuen Donostiako Udalak orain dela aste bi. Etengabeko tirabirak eragin ditu Odon Elorzaren taldeak sustatu zuen egitasmoak azken urteotan. Talde ekologistek egin zioten kritika atzo, hiritarrei pasabideaz baino hitz egin ez zaien arren, egitasmoaren helburua espekulazioa zela salatu zuten Felix Sotok (Uliako Bizilagunen Elkartea) Markos Sierrak (Haritzalde Naturzaleen Elkartea) eta Juan Mari Beldarrainek (Eguzki) prentsaurrekoan.
«Pasabidea zartagin erraldoi baten kirtena baino ez da», iritzi dio Beldarrainek. Saguesen luxuzko hotel bat eraikitzeko asmoak bultzatu zuen proiektua. Bost izar eta sei pisu izango zituen hotela eraikitzeko lehiaketarako deialdia egin zuen Donostiako Udalak, eta eraikuntza hura justifikatzeko «aitzakia» besterik ez zen pasabide berria, Eguzki taldeko kideak azaldu duenez. Horixe izan zen talde ekologista Monpasko pasabidearen auzian esku hartzera bultzatu zuen arrazoia.
Ulia mendiko itsaslabarrean oinezkoentzako bide bat eraikitzeko proposamena zen. Egurrezko eta altzairuzko 725 metroko azpiegitura bat jasotzen zuen egitasmoak, uraren mailatik 15 eta 22 metro arteko altueran. Fernando Ruiz Lacasa arkitektoari eta Javier Errea Argaizingeniariari eman zieten pasabidea diseinatzeko ardura. «Bidezidor bat airean» izango zen sustatzaileen hitzetan. Proiektu ekologikoa zelaeta mendiaren behealdeko hegala eta itsaslabarra errespetatzen zituela baieztatu zuten.
Ez daude ados, ordea, Haritzalde taldeko kideak. Monpasko lurmuturra Europako Batasunak babesten duen gune naturala dela gogorarazi du Markos Sierrak: «Deitoragarria da donostiarrek pasabidearen harira ezagutu izana gune hori». Naturzaleen elkarteko kideak azaldu duenez, inkestabat egin zuten hiritarren artean, eta Europako Batasunak Monpasko lurmuturrari egin zion aitortzaren berri inor gutxik zeukala ikusi zuten. «Hori da aurreko udal taldeak utzi digun ondarea», azaldu du Sierra.
Paradoxikotzat jo du Felix Sotok Europaren aginduari muzin egin izana, «zeinek eta kultur hiriburu izango den hiriak!», gaineratu du. Gainera, proiektua ez omen zen donostiarren intereseko, alkatetzak berak egin zuen inkestak argitu zuenez. Abian ziren hamabi proiektu estrategikori buruz galdetu zieten hiritarrei, eta egitasmoari buruz zuten interesaren arabera, hamaikagarren postua eman zioten Monpaskoari.
Hiritarrak ez ezik, alderdi politikoak ere Elorzaren proiektuaren aurka zeuden, haren aurkako arrazoibideak aurkeztu baitzituzten bere garaian PP, EAJ, EA eta ezker abertzaleak.
Igeldotik Oriora
Espainiako Ingurumen Ministerioko Kosta Zuzendaritzarekin batzartu zen orain dela bi aste Bilduko udal taldea. Sagues eta Monpas batzen dituen pasabidearen eraikuntza «hondamen ekologikoa» izango litzatekeela adierazi zien Juan Karlos Izagirre alkateak ministerioko kideei. Haren ustetan, ez da beharrezkoa hiriarentzat, eta aurreko exekutiboaren «apeta» baino ez zen. Horren ordez, Saguesko pasealekua eraberritu eta naturaren interpretazio zentro bat sortzea proposatu dute.
Ingurumen Ministerioak igorriko dien Monpasko pasabidearen proiektuaren behin betiko txostenaren zain daude orain. Obrak ingurugiroan eragingo lukeen kalteari buruz ministerioak ebazten duena balioeste aldera. Bestalde, Igeldotik Oriora doan bide naturala leheneratzeko obra aurkeztu zion duela bi aste Bilduk Bozeramaileen Batzordeari. Proiektuaren aldeko agertu ziren PP eta PSE; aurka, berriz, EAJ.
Monpasko pasabidea espekulatzeko proiektua zela salatu dute ekologistek
Eguzkik salatu du Saguesen luxuzko hotel bat eraikitzeko asmoak bultzatu zuela udalaren egitasmoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu