2013ko urtarrilaren 31n, goizaldeko ordu batak aldean, Nafarroako larrialdi zerbitzuek dei bat jaso zuten. Antsoaingo udaltzainei abisatu zieten, istiluren bat izan zela Noain Anaien karrikako 1. zenbakiko pisu batean. Esandako lekura joan ziren poliziak, eta emakume baten gorpua aurkitu zuten, bere ohean etzanda, odolustuta. Montserrat Marigo Olleta zuen izena, eta 42 urte zituen.
Ikusi gehiago
Pisuan beste bi gizonekin bizi zen Marigo. 54 eta 39 urte zituzten, eta ez zen familia edo bikote harremanik haien artean. Poliziek atxilotuta eraman zituzten bi gizonak, eta arratsaldean ostera etxera eraman zituzten, zer gertatu zen argitzeko. Gizonetako batek, 54 urtekoak, aitortu zuen berak labankatu zuela emakumea. Santos Larrondo zuen izena. Aske utzi zuten beste pisukidea.
Epaiketa azkar agindu zuten, handik urtebetera, 2014ko otsailerako. Baina hilabete lehenago, urtarrilean, akusatuak akordio bat egin zuen fiskalarekin eta epailearekin, eta zortzi urteko kartzela zigor bat onartu zuen, homizidioagatik. Botere abusuaren larrigarria ezarri zioten, baina alkohola edanda egotegatik aringarri bat ere jarri zioten. Epaiketa ez zen egin, hortaz.
Gizonak berak aitortu zuenez, bizikidetza istilu batengatik eraso egin zion emakumeari. Etxera iritsi zenean, ikusi zuen emakumeak jan egin zuela berak afaritarako jarritako otordua. Sukaldetik labana bat hartu, eta sartu egin zion. Emakumea kokaina hartuta zegoen, eta ez zen oso kontziente. Bere gelara joan zen, eta han hil zen, hemorragiaren ondorioz. Gizonak ez zuen salbatzeko zirkinik egin, ez zuen larrialdietara deitu, ez beste ezer; ohean odolusten utzi zuen.
Administrazio publikoak eta justiziak ez zuten hartu gertakaria indarkeria matxistako kasutzat, emakumearen eta gizonaren artean ez zegoelako bikote harremanik. Astelehen Lilak elkarteak eta Emakumeen Mundu Martxak, ordea, indarkeria sexistaren adibidetzat jo zuten, eta elkarretaratzeak antolatu zituzten.