GAL

Morcillok Brouard hil zuela aitortzen duen grabaketa aurkeztu du Amedok Bilboko epaitegietan

'El Correo' egunkariak gaur argitaratu duenez, polizia ohiak ezkutuan egin zituen grabaketak. Salaketa tramitera onartzeko bidean dela gaineratu du.

2013ko otsailaren 14a
14:04
Entzun

Jose Amedo polizia ohiak aurkeztu dituen grabaketetan, El Correo-ren arabera, Jose Luis Morcillok aitortzen du berak tiro egin ziola Santi Brouard mediku eta Herri Batasunako buruari. Brouard 1984ko azaroaren 20an hil zuten, Bilbon, bere pediatria kontsultan zela.

Hilketa GALek bere gain hartu zuen. 1993an egin zen epaiketan Rafael Lopez Ocaña zigortu zuten hiltzailea izan zelakoan, eta harekin batera baita Juan Jose Rodriguez Diaz ere. Morcillok hilketan parte hartu zuela uste zen, baina ihes egin zuen, eta lau urte geroago itzuli zenean, atxilotu eta espetxeratu egin zuten.

Morcillorekin batera epaileak auzipetu egin zituen Amedo bera, Miguel Planchuelo Espainako Poliziaren Bilboko burua, Rafael Masa Guardia Zibilaren teniente koronela eta Julian Sancrisobal Estatuko Segurtasun zuzendari nagusia. Amedok bi urte geroago Ricardo Garcia Danborenea PSE-EEko idazkari ohia ere salatu zuen.

2011ko otsailaren 17ko grabaketa

Bigarren epaiketa horretan, ordea, 2003an, absolbitu egin zituzten Morcillo, Amedo eta Masa. Familiak ez zuenez helegiterik aurkeztu, auzia artxibatuta geratu zen. 2012ko azaroaren 7an, ordea, Amedok epaitegietan aurkeztu zituen grabazioekin ikertu beharreko froga berriak daude.

Salaketaren testuan, aipatutako egunkariaren arabera, Amedok dio Brouarden hilketari "zuzenean eragiten dioten" grabaketak direla. Grabaketetako bat 2011ko otsailaren 17koa litzateke: "Zuk egin al zenion tiro Brouardi?", galdetzen du Amedok. "Bai", erantzuten du Morcillok. "Beste lau tiro eman nizkion bularrean", gaineratzen du.

Sancristobal, "hilketaren antolatzaile"

Bien arteko hizketaldian Morcillok dio Sancristobalek antolatu zuela hilketa. Julian Sancristobal Estatuko Segurtasun zuzendari zen 1984an. Espainiako Gobernuan PSOE zegoen orduan, Felipe Gonzalez presidente. Sancristobal Segundo Mareyren bahiketagatik eta funts bereiziak legez kanpo erabiltzeagatik zigortu zuten.

"Garbi esan dezaket: nik hil nuen Brouard, eta Sancristobalek eman zidan agindua". 2005ean Lopez Ocañak Espainiako telebista kate batean egin zioten elkarrizketan esan zuen Morcillo izan zuela lagun hilketan eta hark eman ziola Brouard hiltzeagatik agindutako dirua. Elkarrizketa hori ere aipatu omen du Amedok salaketan.

Salaketa tramitera onartuta, zein epailek hartuko duen erabakitzea falta da. Amedo deklaratzera deituko du horrek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.