Onda Vasca irratiari eskainitako elkarrizketan, Txelui Moreno ezker abertzaleko ordezkariak esan du gaur egun «gatazka armatua» amaituta dagoela, «edo ia amaituta». Urtarrilean, ETAk su-eten iraunkor, orokor eta egiaztagarria iragarri zuen. Morenoren arabera, hori hala den edo ez egiaztatzea Espainiako Gobernuari berari dagokio, «baina ez du egiaztatu nahi». Hark su-etena ez duela egiaztatu nahi ikusita, ETAk «nazioarteko erakunde ez-ofizial baten esku» utzi du ardura hori, Morenoren iritziz.
Atentaturik ez egoteaz gain, Hego Euskal Herriko enpresaburuek berretsi dute iraultza zergarik jada ez dutela ordaintzen. «Hau da, jada ETArenjarreraren inguruko datu zehatz eta argiak daude. Gobernuari esan behar zaio:'Aizu, mesedez, egiazta ezazu hori horrela dela, zuri dagokizulako hori egitea eta ez duzulako egin'», arrazoitu du. Morenoren ustez, inork ez dio ezer exijitzen gobernuari; aldiz, ezker abertzaleari ETAk indarkeria uzteko exijitzen zaio, «nahiz eta mundu guztiak jakin su-etena jada indarrean dagoela».
Txelui Morenok uste du behin hori egiaztatuta Espainiako Gobernuari dagokiola urratsak egitea, Euskal Herria onartuz, haren eskubideak aitortuz eta euskal herritarrek bere egunean erabakitzen dutena erabakitzen dutela errespetuz.
CEP eta SUP Espainiako Poliziaren sindikatuek ezker abertzaleko ordezkariari erantzun diote Espainian ez dela «gatazka armaturik» izan, «urte askoan izandako hilketak baizik».
Sindikatu horien arabera, «ETAk desegin egin behar du eta ezker abertzaleak legea bete behar du». Haien ustez, ezker abertzaleak ez du oraindik legerik betetzen eta ETAren menpe jarraitzen du.
Moreno: «Gatazka armatua ia amaituta dago»
Ezker abertzaleko kidearen arabera, «Espainiako Gobernuak ez du egiaztatu nahi ETAren su-etena»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu