Monarkiaren aurkako aldarriarekin, herritar ugari atera dira kalera arratsaldean, Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Donostian, 19:00etan elkartu dira Bulebarrean, Gipuzkoako zenbait talde errepublikazalek deituta. Monarkiari ez, herritarrek erabaki leloa eraman dute hiriburuko kaleetatik.
EH Bilduk deituta, berriz, elkarretaratzeak eta mosaikoak egin dituzte Donostian (Konstituzio plazan), Gasteizen (Foru plazan), Iruñean (Udaletxe plazan), eta Bilbon (udaletxetik Uribirateraino).
Deialdiekin bat egin dutenek errepublika, erabakia eta demokrazia hitzak osatu dituzte mosaikoetan.
Madrilen, Espainiako Poliziak hainbat lagun atxilotu ditu arratsaldean, errepublikaren aldeko protestetan.
Protestak goizetik
Goizean izan dira, ordea, errepublikaren aldeko aldarriak. Nafarroako Parlamentuan, esaterako, Espainiako errepublikako bandera zintzilikatu dute goizean goiz. Eusko Legebiltzarrean, berriz, EH Bilduk ikurrina jarri du Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren eserlekuan, hura Madrilen Felipe VI.aren tronuratzean dagoela eta.
[youtube]http://youtu.be/hLKzYh6R3zc[/youtube]
Sarean ere izan dira monarkiaren aurka egin dutenak. Hainbat komunikabidek, Vilaweb tartean, alderantziz zintzilikatu dituzte tronuratze ekitaldiarekin lotutako irudi guztiak. Ohar baten bidez azaldu du egunkari digitalak erabakia: "Era honetan jarraitzen diogu Xativako ohiturari, non Felipe V.aren erretratua buruz behera zintzilikatua dagoen, hark hiria erretzea agindu izana gaitzesteko. Vilaweb-ek, era horretan, errepublikaren aldeko jarrera aldarrikatu nahi du, eta monarkiaren inposizioa salatu".
Katalunian, Hego Euskal Herrian bezala, errepublikaren aldeko protestak izan dira.
Hiru atxilotu, Madrilen
Espainiako Poliziak gezurtatu egin zuen atzo gaur errepublikako banderak debekatuta egongo zirenik. Ordea, besterik pentsarazten du Puerta del Solen errepublikaren alde deitutako kontzentrazioa debekatu eta hiru parte hartzaile atxilotu izanak. Horretaz gain, beste 41 lagun ere identifikatu ditu. Askok bandera errepublikanoak zeramatzaten.
Handik gutxira, hala ere, berrehun bat lagun bildu dira errepublikaren aldeko manifestazio batean. Haietako batzuk Leganitos kaleko polizia etxearen aurrean bildu dira, ordu batzuk lehenago atxilotutakoak askatzeko eskatzeko.
Bestetik, Felipe VI.aren tronuratze ekitaldian izan dira gaur Iñigo Urkullu lehendakaria eta Artur Mas Kataluniako Generalitateko presidentea, eta, haiekin batera, baita CiU eta EAJko diputatu eta senatariak ere. Felipe Borboikoa Kongresura heldu denean, ordea, uko egin diote denek hura txalotzeari. Soilik CiUko diputatu Josep Antoni Duran i Lleidak txalotu du Espainiako erregea.
Amaiurrek eta Geroa Baik uko egin diote gaur Espainiako Kongresuan egoteari. Berdin egin dute ERCk, ICVk eta BNGk ere.
Hain zuzen, Felipe VI.ak tronuratze ekitaldiko hitzaldia baliatu du Espainiaren batasunaren alde egiteko: "Sentimenduek ez dituztelako liskarrak, banaketak edo bazterketak eragin behar, are gutxiago Europa eraikitzen ari garen honetan; alderantziz, ulermena, elkarbizitza eta errespetua bultzatu behar dute". Kargu hartzearen amaieran euskaraz, katalanez eta galegoz eman ditu eskerrak Borboikoak.
Ez dira ekitaldian izan ez Juan Carlos Borboikoa, eta ez haren alaba Cristina Borboikoa ere. Nazioarteko buruzagiek ere ez dute parte hartu.
Kalean, berriz, ez da jende multzo handirik bildu. Madril erdiguneko hainbat kale erdi hutsik ikus zitezkeen, Espainiako errege-erreginen autoa igarotzen zen unean.