Moses Kargbo, «bihotz puska bat»

Sierra Leonako gizon bat hilik aurkitu zuten astelehenean Andoainen. Heriotzarekin hunkituta daude Aitor ikastolako aita bat eta irakasle bat, ezagutu zutelako. «Ez zuen horrela amaitzea merezi».

Moses Kargbo, Aitor ikastolako ikasleei azalpenak ematen, duela bi urte. BERRIA.
mikel p ansa
Andoain
2012ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Sierra Leonan gerra zibila 2002an bukatu zen. Baina ordurako etxetik urrun zen Moses Kargbo. Gerratik ihesi, Gineara joan zen; Malira; Nigeriara. Urrutiago: Aljeriara, Marokora, Tenerifera. Urrutiago beti: Melillan sartu zen, Aljeriara pasatu, Errenteriara iritsi. Gipuzkoan hiru urte zeramatzan, etxera itzultzeko esperantzarik galdu gabe. Baina joan den astelehenean hilik aurkitu zuten Andoainen, bizi zen etxean.

Heriotzaren berri izan zuenean, kolpea hartu zuen Dani Ruiz-Zeberiok. Hunkituta dago oraindik, esplikatzen zail egiten zaion moduan. «Hain zen ona». Soldatze ikastaroak ematen ditu Ruiz-Zeberiok, eta ikasle izan zuen Kargbo. Harremana egin zuen, eta seme-alaben eskolara eraman zuen egun batean. Donostiako Egia auzora, Aitor Ikastolara, han joan zen, 9-10 urteko ikasleei azaltzeko bere bizia, bizipenak, kontuak.

«Bazen behin dortoka bat», kontatu zien ikasleei. Txoriak inguratu zitzaizkion dortokari. Gose zen, eta txoriei agindu zien izen bana jarriko ziela, baldin eta jaten ematen bazioten. Txori bakoitzak luma bat eman zion dortokari, jateko. Dortokak eman zizkien izenak txoriei. Eta txoriek, luma bat galduagatik, izen bat irabazi zuten trukean. Ipuin hori kontatu zien, eta dantzatu, eta kantatu.

Afrika erdiko mugak nola gurutzatu zituen ere azaldu zien ikasleei, Melilla ixten duten alanbrezko hesiak nola gainditu zituen besoak hiru txaketatan bilduta, nola saldu zituen erradiografiekin eta tintarekin margotutako telak Malin, nola giltzaperatu zuten Marokon, nola lapurtu eta engainatu zuten bidaian, nola gurutzatu zuten Gibraltarko itsasartea kamiseta beltzak jantzita poliziek ez ikusteko... Eta bazekizkiela lau hizkuntza: menda, temene, limba eta ingelesa —kolonia britainiarra izan zen Sierra Leona—. Gaztelania oso justu hitz egiten zuen, eta itzultzaile batekin azaldu zien ama hizkuntza ahaztu zitzaiola.

Bizitzaren maisu

Gaztetxoei, eta irakasleei ere bai, «bizitzari buruzko lezio bat» eman ziela uste du Joxean Agirretxek, Aitor ikastolako irakasleak: «Nahi denean zailtasunak gainditu egiten direla erakutsi zigun. Bideko oztopo guztiak gaindituta iritsi zen guganaino». Bisitaren ostean, ikasleek lan bat idatzi zuten. «Arratsalde hartako ikasgaiak ondorengo egun askotarako langaia utzi zigun: mapak, kontinenteak, nazioak, hizkuntzak, migrazioak, harremanak, etorkinak...», azaldu du Agirretxek.

Kargboren ikasgaiekin osatu zuten koadernotxo bat ikasleek; lanaren kopia bat du Ruiz-Zeberiok eskuetan. Haren senideei eman nahiko lieke. Epaileak zer erabakiko dago. Autopsia egin diote gorpuari, eta Tolosako epaitegiak erabakiko du zer egin. Jaioterrira itzultzeko, ordea, norbaitek erreklamatu behar du gorpua.

Moses Kargboren bi seme-alabek aita nor izan zuten jakitea nahi luke Ruiz-Zeberiok. Hemen zer harrera izan zuen erakutsi nahi die. Familiari gutun bana idatzi diote berak eta Agirretxek. Sierra Leonara bidali nahi lituzkete koadernoa eta gutunak, gorpuarekin, familiak jaso ditzan. «Gizon zintzo, alai eta bihotz onekoa zela guk badakigu», esan du Ruiz-Zeberiok. «Patxadako gizona, umoretsua eta alaia zen. Hemen esan ohi dugun bezala, gizon jatorra», erantsi du Agirretxek. Moses Kargboren seme-alabek hori jakitea gustatuko litzaioke. Umeak baitziren aitak, gerratik ihesi, Sierra Leona utzi zuenean.

Han bizitzen jarraitzen dute Kargboren seme-alabek eta emazte ohiak. Semeak Euskal Herrira etorri nahi zuen, baina gaztea zela eta ikasketak bukatzeko esaten zion aitak. Bestalde, urte eta erdi baino gehiago zeraman langabezian Moses Kargbok; ez zen une errazena familia batzeko, inoiz gogoa faltatu izan ez zitzaion arren. Tenerifen igeltserotzan urte luzez lan egin eta gero, krisiak eraginda, Donostiara iritsi zen 2009an, lan gehiago izango zelakoan. Hiru egun egin zituen gobernuz kanpoko erakunde baten mantenupean. Baina bukatu ziren hiru egunak eta, besterik ezer ez: zubipe batean bizitzen egon zen, Errenterian, langabezia soldata ez xahutzeko, Sierra Leonara dirua bidaltzen jarraitu baitzuen bitarte horretan.

Orduan ezagutu zuen Ruiz-Zeberio, Don Bosco institutuan soldatze ikastaro batean izena emandakoan. «Kemen handiko gizona zen», azaldu du Ruiz-Zeberiok: «Ikasle fina, adoretsua eta langile amorratua». Han eta hemen lan txikiak egiten aritu zen, baita etxe batean errentan jarri ere. 2010eko Gabonetan bukatu zitzaion soldatapeko azken lana. Gipuzkoako industrialdeak ibili zituen gero, atzera eta aurrera, lan bila, lan erregu. «Baina, gure gizarte honetan, 52 urterekin inor gutxik nahi zaitu lanerako.Ez zituen batere errazak izan gauzak gure artean».

Okupa, halabeharrez

Errentan zuen etxea utzi, eta Andoainen hutsik zegoen etxe batera joan zen. Jatorrizko herria Afrikan duten zenbait pertsona bizi dira Kaletxiki bukaeran izkina egiten duen etxean, trenbide ondoan. Okupak direla esan liteke; beharrak okupatzera bultzatu dituela esatea egokiago litzateke. Han bizi izan da Kargbo azken boladan.

Bizitza zer ustekabe den: kalean aurkitu zuen gazte bat izan da, ustez, hil duena. Kaletik jaso, eta Andoaingo etxera eraman zuen 21 urteko gaztea, estatubatuarra. Bere gelan sartu zuen, etxekideek pisuak eta gelak partituak baitituzte beren artean. Poliziak azaldu du liskarren bat izan zutela biek joan den astean, Kargbok gelatik bota nahi zuela gaztea, baina hark ez ziola hanka egiten.

Mailukadaz hil zuten Moses Kargbo, eta gelako armairuan gorde zuten, manta batean bilduta. Etxekideek aurkitu zuten gorpua, kiratsa hedatzen hasi zenean, joan den astelehenean. Ertzaintzak orduan atxilotu zuen 21 urteko gaztea, hilketa leporatuta. Martuteneko kartzelara bidali du epaileak aste honetan; epaiketa hasi arte bertan edukiko dute.

«Bere bihotz handiak ekarri dio zorigaitz krudela», idatzi du Ruiz-Zeberiok gutunean: «Eta horrek haserrea eta min sakon bat sortzen dit, gehiago lagundu ez izanaren pena ere bai. Ez zuen, inola ere, horrela amaitzea merezi». Soldatze lanetan ikasle izan zuen Ruiz-Zeberiok; baina bizitzaren eskolan maisutzat hartu nahi du: «Bihotz puska bat». Agirretxek ere ez du berehala ahaztuko ikastolara joan zitzaien arratsaldea: «Arratsalde hark arrastoa utzi zigun. Isilik etorri zen, eta isilik joan. Bere bihotz handi eta onak ez zuen amaiera hori behar».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.