AUTO LASTERKETA. BILBAO URBAN CIRCUIT

Motorren burrunbaren zain

Bilbo autoentzako zirkuitu bilakatuko dute asteburu batez, eta horrek polemika piztu du herritarren artean

gotzon hermosilla
BILBO
2005eko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Ikusmin handia dago, hori ezin da ukatu. Bihar hasiko dira Bilbon Munduko Serieak izeneko auto lasterketak, eta horrek polemika bizia piztu du herritarren artean. Ez dago beste hizpiderik: batzuek onuragarri irizten diote Bilboko udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren ekimenari, Bilbo nazioartean ezagutarazteko balioko duelakoan, eta kirol ikuskizunaren lilurak erakarrita. Beste batzuek, ordea, Bilboko kaleak zirkuitu bilakatu izana gogor kritikatu dute.

Kirolaren ikuspegitik, Munduko Serieak dira, dudarik gabe, lasterketarik interesgarriena. Beste proba batzuk ere izango dira, esaterako, Eurocup FR 2.0, Megane Trophy eta Clio Cup, eta Renaultek lehiaketaz kanpoko erakustaldi bat ere prestatu du, baina, esan bezala, Munduko Serieak izango dira izarrak.

Pilotu gazteek 1 Formulara ailegatzeko lorbidetzat hartzen dituzte Munduko Serieak. Marc Gene, Fernando Alonso, Justin Wilson eta Ricardo Zonta, esaterako, Munduko Serieetan aritutakoak ditugu, 1 Formulara jauzi egin baino lehen. Horretan datza, hain zuzen, lehiaketa horren interes nagusia: etorkizunean 1 Formulako pilotu profesionalak izango diren batzuk arituko direla Bilbon.

Epsilon Euskadi lider

Orotara, hamabost taldek eta hogeita hamar pilotuk hartuko dute parte lasterketan. Talde horietako bat Euskal Herrikoa da, Epsilon Euskadi taldea. Ez dute euskal gidaririk aurtengo txapelketan Ander Vilariño haiekin aritutakoa bada ere, baina Azkotian (Gipuzkoa) du taldeak egoitza nagusia, eta han egindako lan guztia sekulako emaitzak ari da ematen. Robert Kubika gidari poloniarra da uneotan Munduko Serieetako gidari azkarrena, eta Felix Porteiro Epsilon Euskadi taldeko beste gidaria zazpigarren dago sailkapen nagusian.

Buru-belarri prestatu dute Epsilon Euskadikoek Bilboko lasterketa. Azkena Le Mansen (Frantzia) jokatutako Munduko Serieetako proba Kubikak irabazi zuen, eta lidergoa sendotu. Hiru helbururekin aritu ziren orduan, eta hirurak lortu zituzten: gidarien sailkapeneko eta taldekako sailkapeneko lehen postuari eutsi, eta kontrarioekiko zituzten aldeak handitu. Egoerarik onenean egingo diote aurre Bilboko lasterketari. «Erantzukizun handia dugu. Zale asko daude gure jarduna zuzenean ikusteko desiatzen, eta ingeniariek eta gidariek zirkuitua ezagutzen ez badute ere, dugun onena eman beharrean gaude», adierazi du Joan Villadepratek, Epsilon Euskadiko arduradun nagusiak.Hiru urteko kontratua sinatu dute udalak eta Foru Aldundiak antolatzaileekin. Beraz, datozen bi urteetan ere Munduko Serieak Bilbon antolatzeko asmoa dago. Asteburuan gertatzen denaren baitan egongo da hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.