Deba eta Zumaia artean (Gipuzkoa) hondoa jo zuen Motxo ontziaren etorkizuna oraindik ere argitu gabe dago. Armadoreak ontzia dagoen tokian bertan desegitea proposatu du, baina Motxo dagoen lekutik mugitzeko aukera aztertzeko eskatu diote armadoreari Espainiako Sustapen eta Ingurumen ministerioetako ordezkariek.
Azaroaren 4an hondoa jo zuen ontziarekin zer egin zehazteko eskatu zioten armadoreari Espainiako Itsas Kapitaintzak eta Kostaldea Mugarriztatzeko Sailak atzo. Azken astean hainbat aukera aztertuta, proposamenaren berri eman zien armadoreak. Harez gain, aseguru etxeetako arduradunak, aipatu bi ministerioen ordezkariak, Deba eta Zumaiako udaletakoak, Gipuzkoako Aldundikoak eta Jaurlaritzakoak izan ziren bileran.
Ontzia berriro ureratzeko aukerarik ez dagoela berretsi zuen armadoreak. Iraulita dagoela azaldu zuen, eta lehengoratzea ezinezkoa dela nabarmendu zuen. Horrez gain, itsas salbamenduko kideen arabera, hainbat zulo daude kroskoan. Hortaz, ontzia desegitea baino ez dela gelditzen azaldu du, eta, horretarako, ontziak hondoa jo zuen tokian bertan zatikatzea proposatu zuen atzoko bileran; bertatik, ontzia desegin ahala, zatiak lurrera eraman beharko direla gaineratu zuen.
Itsasaldien menpe
Ontziaren jabearen proposamena entzun ostean, ontzia nolabait mugitzeko aukeran sakontzeko eskatu zioten ministerioen ordezkariek, Espainiako Gobernuko EAEko Ordezkaritzak jakinarazi duenez. Ontzia dagoen tokian itsasaldien menpe dago, eta itsasbehera dagoenean baino ezin izango lukete lan egin ontzia desegiteko. Ordea, bertatik mugitu eta lehorreratuko balute denbora gehiago egongo litzateke ontzia desegiteko.
Ontzia desegiteko proposamena lantzeko bost egun izan zituen ontziaren jabeak, eta hiru egun gehiagoz luzatu dute epea arrantzontzia lehorrera mugitzeko aukera azter dezan.
Hori gertatzen den bitartean, datozen egunetan egin beharreko pausoak adostu zituzten atzo bileran batutako erakunde guztiek. Azaroaren 4tik isuritako gai kutsagarri guztiak garbitzea adostu dute, baita ontziak zituen objektu guztiak kentzea ere. Ontzia irauli egin zenez, hamabi tona gasolio inguru isuri zituen itsasora. Lan horiek eginda, kroskoaren kutsadura garbitzeko lanak hasiko dituzte.
Bitartean, Gipuzkoako Fiskaltzak eskatuta, itsasontzi horretan gertatutakoa ikertzeko lanak hasi dituzte; Bermeoko kaitik atera eta Debatik gertu hondoa jo arte zer jazo zen argitu nahi dute. Aurreko ostegunean berreskuratu zuten arrantzontziko kutxa urdina, ordenagailua. Bertan, ontziak jarraitutako bidea dago erregistratuta, eta ezbeharreko egunean gertatutakoa argitzeko lagungarria izan daiteke. Hala, babestutako eremuan arrantzan ari ote zen argitu ahal izango da, Fiskaltzak eskatu bezala.
Arrantzaleek jakinarazi dutenez, ez zen horrelakorik gertatu, alegia, ez zebiltzan arrantzan. Pasaiako porturako bidean zirela itsas kolpe batek sareak uretara bota zituela eta helizean trabatu zirela esan dute.
'Motxo' lehorrera mugitzeko aukera aztertuko dute, desegin aurretik
Ontziak hondoa jo zuen tokian bertan zatitzeko aukera aurkeztu du armadoreak, «ezin delako berriz flotarazi»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu