Itsas istripua

'Motxo'-ren armadoreak gaur jakinarazi behar du zein asmo duen ontzia ateratzeko

Arrantzaontziak Hala ere, ingurumenean ez duela kalte handirik egingo dio Gipuzkoako Diputazioak. Gero eta ugariagoak dira 'Motxo'-ren salbamenduan instituzioek izan duten jokabidearen kontrako kritikak. Bideoa: Baleike.com

2010eko azaroaren 8a
11:53
Entzun
Ostegun goizaldean istripua izan eta Deba eta Zumaia arteko flysch eremu babestuan hondoa jota dagoen Motxo arrantzaontzia nola atera aztertzeko bilera egingo dute gaur auziarekin zerikusia duten alde guztiek, Donostian, Gipuzkoako Itsasertzerako Lurralde Zerbitzuan. Bilera horretan Motxo-ren armadoreak azaldu behar du zein asmo duen ontzia desegiteko. Izan ere, joan den ostiralean osorik ateratzeko ahaleginak hutsegin ostean, ontzia ataldatzea beste aukerarik ez da izango. Ondorio horretara iritsi dira gai horrekin lanean dabiltzan Gipuzkoako Diputazioko eta Itsas Salbamenduko teknikariak.

Ostegun goizaldean izan zuen istripua Bermeoko (Bizkaia) arrantzaontziak, eta ostiralean itsasgorarekin batera saiatu ziren ateratzen atoiontzi baten laguntzarekin. Ahalegin horretan ari zirela, ordea, irauli egin zen Motxo, eta teknikarien arabera, hor galdu ziren osorik ateratzeko aukera guztiak. Gainera, ontziak barruan metatutako 12 tona erregai isuri zituen itsasora.

Deba eta Zumaia arteko itsaslabarra babestutako biotopoa da, eta istripuaren berri izan zenetik kezka handia sortu du ingurumenean eragin zezakeen kalteak. Esan bezala erregaia isuri zuen ontziak, baina Diputazioko teknikarien arabera ez du ingurumenean kalte handirik eragin: gehiena lurrundu egin dela diote.

Nolanahi ere, azken orduetan ugaritu egin dira Motxo-ren salbamenduaren inguruan instituzioek izan duten jokabidearen inguruko kritikak. Batetik, Laguntzara Sistemaren Munduko Gobernuz Kanpoko Adituen Taldeak adierazi du arrantzaontziko marinelen salbamendua asko atzeratu zela, hain zuzen ere, haien bizitza arriskuan jartzeraino. Horrez gain, ontzia hondoa jotan dagoen lekutik ateratzeko behar adina baliabide jarri diren zalantzan jarri du Zumaiako alkateak.

Berriketan.info sare sozialera Ander Izagirre kazetariak ekarri du Motxo-ren inguruko kritika, Santi Ianiz argazkilariak bere blogean egin duen kronikaren harira. Baleike.com Zumaiako herri aldizkariaren webgunean itsaslabarrean sumatzen den gasolio usainaren berri eman dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.