KALE GARBIKETA

Mozala ala garbitasuna?

Kale-garbiketa ordenantzek eztabaida piztu dute hainbat herritan; batez ere, kartelak, pankartak eta antzekoak jartzeko mugek. Adierazpen askatasunaren aurkako erasotzat hartu dituzte batzuek; beste zenbaiten iritziz, beharrezkoak dira, hormak eta kaleak txukun edukitzeko.

Ernaik Arrasateko (Gipuzkoa) Portaloiko horman dagoen eskultura bat baliatuz egindako irudia, udalaren «mozal ordenantza» salatzeko. GOIENA KOMUNIKAZIO TALDEA
Hodei Iruretagoiena
2016ko maiatzaren 10a
18:37
Entzun

Zer da kalea? Zertarako erabiltzen da, eta nola? Norena da? Nola arautu behar dira kaleko adierazpen politiko, sozial eta artistikoak? Edo, besterik gabe, beharrezkoa da arautzea? Eztabaida kalean dago. Ez da berria, baina gero eta herri gehiagotan ari dira ezartzen kale garbiketaren inguruko ordenantzak. Eta arau horiek edo, besterik gabe, kartelak eta bestelako adierazpideak kentzeko erabakiek hautsak harrotu dituzte; besteak beste, Arrasaten eta Zumaian (Gipuzkoa). Tolosan ere sortu dute plataforma bat, ordenantza bertan behera utz dezatela eta eztabaida foro bat antola dezatela eskatzeko. Adierazpen askatasunaz mintzo dira batzuk, kalea komunikazio esparru gisa aldarrikatuz. Besteak, aldiz, garbitasunaren mesedetan kaleko hormen erabilera arautu beharraz ari dira. Non dago oreka?

Otsailean hasi zen eztabaida Zumaian, udalaren erabaki baten ondorioz. Ohar bidez jakinarazi zuten «herriko eremu publikoetan jartzen diren kartel eta pankarta guztiak kentzeko erabakia» hartu zutela, «edozein dela hauen eduki, mezu, jatorri edota helburua». Lehen, astelehenetan eta ostegunetan kentzen zituzten kartelak eta pankartak; orain, asteko zazpi egunetan. Erabakia hartu ondoren, ordenantza bat egiteko asmoa dutela jakinarazi zuen Zumaiako Udalak, hori guztia arautzeko. Arrasaten, berriz, ordenantza onartzeko bidean dira dagoeneko; besteak beste, kartelak, pankartak eta halakoak horretarako egokitutako lekuetan bakarrik jarri ahal izango direla aurreikusi dute, eta bestela isunak izango direla.

Garbitasuna da halako ordenantzen alde daudenen argudio nagusia. Zumaiako alkate Oier Kortak Radio Euskadin adierazi zuenez, faktore garrantzitsua da hori; esaterako, turismoari begira. Zumaiako Kalea Guztiona Da plataformako kideek diote hori ez dela nahikoa arrazoi «adierazpen askatasunari debekuak jartzeko». Talde horretan dabil Axier Lopez. «Postaleko herri bat» egiteko helburua ikusi du argudio horren atzean, baina beste bat da auzia, haren esanetan: «Denona den espazio bat da kalea, eta horren inguruko erabakiak udalean hartzeko zilegitasuna dutela pentsatzen dute».

Atzean, izan ere, politika ulertzeko modu bat dagoela dio Lopezek, «goitik beherakoa, bertikala, autoritarioa». «Zumaiarrek orain arte naturaltasunez egiten zutena egun batetik bestera debekatu dute». Garbitasunaren argudioaren atzean dagoen mezua ere ez du atsegin: «Horrekin esaten ari direna da TSko langileen aldarrikapenak zikinak direla, eraso sexisten aurkako aldarrikapenak zikinak direla... Azken batean, jendearen nahiak, kezkak eta ametsak zikinak direla».

Protesta artean onartu zuten ordenantza Arrasaten, martxoan —EAJ eta PSE-EEko 11 zinegotziek aldeko botoa eman zuten; EH Bildu, Baleike eta Irabaziko hamarrek, kontrakoa—. Alegazioak jartzeko epean dira orain; Anuska Ezkurra (EAJ) udal gobernuko kideak azaldu duenez, «eragileekin bilerak egin eta informazioa jaso ondoren» onartu nahi dute behin betiko. «Aldaketak egin behar badira, egingo ditugu».

Herriko eragileek helarazitako kezkak piztu du ordenantzaren beharra, Ezkurraren esanetan. Bizilagun taldeak, dendariak, hezkuntzako ordezkariak eta bestelako eragileak aipatu ditu zinegotziak: «Herriaren itxura zikin eta kaskarra konpontzeko zerbait egin behar zela esan ziguten». Bide eta eraikin publikoak «guztionak» direla nabarmendu du, eta «errespetu osoz» erabili behar direla: «Betiere, adierazpen askatasuna bermatuta».

Beste talde askok, ordea, horixe salatu dute: mugak jarriko zaizkiola adierazpen askatasunari. Martxoan onartutako ordenantzan, arau-hauste larrien kasuan 250 euro arteko isunak aurreikusten dira, eta, oso larrien kasuan, 1.000 artekoak. Larrien artean legoke, esaterako, baimendutako lekuetatik kanpo kartelak eta pankartak jartzea, edo baimendutako epean ez erretiratzea. Eta arau-hauste oso larria litzateke kartel eta pankarta «iraingarriak» jartzea. Ezkurrak zehaztu duenez, «herria garbi mantentzeko araudia ezartzea da helburua», ez «debekua edo zigorra».

Zigorrak ala pedagogia?

Burlatan (Nafarroa) aurreko agintaldian onartu zuten Jokabide Zibikoak Sustatzeko Udal Ordenantza, iazko urtarrilean. Orduan oposizioan zeuden taldeek mozal ordenantza gisa izendatu zuten UPNk, PSNk eta PPk onartutakoa, «kontrol soziala» eta «ideien adierazpen librearen aurkako jazarpena» areagotzeko balioko zuela iritzita. Maiatzeko udal eta foru hauteskundeen ondoren, uztailean, Burlata Aldatuz-ek eta EH Bilduk osatutako gobernu berriak legea bertan behera uztea erabaki zuten, Ezkerraren babesarekin. Txema Noval alkateak (Burlata Aldatuz) azaldu duenez, ordenantzan desadostasuna sortzen zuten puntu batzuk zeudelako hartu zuten erabakia.

«Denok ados egongo gara kalean ezin dela pixarik egin. Kontua da gero nola heltzen diozun kartelen eta pankartaren arazoari», dio Novalek. «Adierazpen askatasunaren eta hiri garbi eta atsegin baten arteko dilema dago tartean». Oraindik ez dute ordezko neurririk hartu. «Ez dakigu ondo nola arautu», aitortu du alkateak. «Buelta bat eman nahi diogu, baina metodologia pedagogikoa erabiliz, ez hain zigortzailea. Hori da egin nahi dugun gauzetako bat: ez hainbeste debekatu, baina bai, adibidez, noizean behin, herria garbitu».

Halako eztabaidetan, «hezkuntza eta errespetua» dira landu beharreko ikuspegiak, Lopezen esanetan. «Ez dugu jarriko, adibidez, kartel bat inoren etxe atarian. Baina debekuak ezinegona eta konfrontazioa sortzen du, eta hori ez da bide egokia». Ildo horretan, Zumaiako udal gobernuak hartutako bidea kritikatu du: «Kontrako norabidea hartu dute: ordenantzaren aurretik ezarri dute debekua. Handik hilabetera edo, Kalea Guztiona Da gaia plazaratzen hasi zenean, orduan esan zuten prozesu parte hartzailea egingo zutela, erantzun gisa. Hitz egiteko, aurrena debekua kendu behar da. Horren gainean, zertaz hitz egin dezakegu bestela? Isunak 200 eurokoa edo 100 eurokoa izan behar duen?».

Zer da iraingarria?

Kalearen erabilerari buruz eztabaidatzea ona dela esan arren, Lopezek ez du beharrezko ikusten beste zenbait herritan dituztenen gisako ordenantza bat. «Zigorretan oinarritutako ereduak dira. Politikariei baimena eskatu behar zaie zer, non eta nola esan erabakitzeko?». Lopezen esanetan, udalaren zeregina «eskubideak bermatzea» da, eta, gero, horren arabera arautzea. «Baina arautzea eta debekatzea ez da gauza bera, nahiz eta badirudien haiek hala ulertzen dutela».

Arrasaten, hainbat eragilek agertu du kezka, edukiaren araberako bereizketa ekar dezakeelako dena baimen bidez egin beharrak. Zumaian ere badute kezka hori: «Agindua eman dute dena kentzeko, enpresen eta udalaren beraren kartelak izan ezik».

Ezkurrak gogora ekarri du kartelak jartzeko egokitutako guneetarako ez dela baimenik eskatu beharko. «Hortik kanpo, bai». Adibide batekin argudiatu du hori: «Gasteizko lokal batean pintaketa xenofoboak agertu ziren. Ziur aski, egin zituenarentzat hori aldarrikapen soziala edo adierazpen askatasuna izango zen. Edukiaren araberako bereizketaren asmoa, azken finean, horrelako jarrera iraingarriak saihestea da».

Kartelek eta pankartek piztu dute eztabaidarik sutsuena, baina gauza asko arautzen dira halako ordenantzetan. Edukiontzietan bila aritzea edo kaleko salmenta ere debekatu dute hainbat herritan. Arazo sozialak ezkutatu nahi izatea leporatu izan diete aurkakoek. «Txukuntasuna», «eskubideak»... Non dago oreka?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.