Txori Argi Bermeoko atunontzia aske utzi zuten bart, Mozambikeko Gobernuak jarritako 927.000 euroko isuna ordaintzeko bermea aurkeztu ondoren. Arrantza legez kanpo egitea egozten zioten.
Atunontziaren jabeak, Inpesca enpresak, hamar eguneko epea du ordainketa egiteko, Manuel Castiano Afrikan arrantzarako kontrolaz arduratzen den Espainiako ordezkariak jakinarazi duenez.
Castianoren arabera, bermea BBVA bankuak eman dio enpresari. Txori Argi-k Mozambikeko uretan nabigatu ahal izango du, soilik herrialde horretako Arrantza ministerioak horretarako baimen berezia ematen badio.
Atzo aurreratu zuen bezala, Inpesca enpresak helegitea aurkeztuko du, ezin duelako "inolaz ere" Mozambikeko Gobernuaren akusazioa onartu.
Hilaren 14an, Txori Argi satelite bidez Mozambikeko uretan harrapatu zuten, baimenik gabe arrantzan. 1,9 milioi euroko balioko atun kopurua atzeman zioten, hango iturrien arabera. Nacalako portuan zuten ordutik.
Ontziko kapitainak azaldu zien korronteengatik sartu zirela Mozambikeko uretan, ez nahita.