Eusko Jaurlaritza hasieratik agertu zen Espainiako Gobernuak Mendekotasun Legean ezarritako murrizketen aurka. «Lege honek inbertsioak behar ditu, ez murrizketak. Gainera, iruzurrei aurre egiteko beste modu batzuk daude», esan zuen murrizketen berri izatean Gemma Zabaletak, Gizarte Gaietako sailburuak. Salatu zuen eskumenak urratzen dituztela murrizketek, eta Jaurlaritzaren apustuaren aurka doazela. «Guk mendekoak etxean zaintzea nah dugu». Laguntzak finantzatzeko beste bide batzuk aztertuko dituztela esan zuen: oinordekotza zergaren bidez jasotzen den dirua erabiltzea, adibidez.
Zabaletak dei egin zien Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiei murrizketei elkarrekin aurre egitera. Gipuzkoako Foru Aldundiak hasieratik esan zuen ez dituela murrizketak aplikatuko, eta Mendekotasun Legea hiltzen uztea egotzi zion Madrili. Arabaren kasuan, Javier de Andres ahaldun nagusiak Jaurlaritzari gogorarazi zion eskumena aldundiena dela, eta errespetua eskatu zuen. Dena den, ohartarazpen bat egin zuen. «Guk eskaintzen ditugun baliabideak Gipuzkoakoak eta Bizkaikoak baino hobeak dira, eta etorkizunean ere hala izango dira». Espainiako Gobernuak ez duela Mendekotasun Legean sinesten salatu zuen Bizkaiko Diputazioak.
Nafarroako Gobernuko Gizarte Gaietako kontseilari Carlos Pejenauteren ustez, «ezinezkoa» da egungo legeari eustea. «Madrilen aginduak geure modura aplikatuko ditugu».
Mozketei batera aurre egitea galdegin du Zabaletak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu