«Euskal herritarren eskubideak urratzea gauza berria ez den arren», Bilduren zerrenden inpugnazioak «orain arteko muga guztiak» gainditu ditu, ezker abertzalearen ustez. «Euskal Herrian irekiriko prozesuaren aurkako» erabakitzat jo dute koalizioaren zerrenda guztiak inpugnatu izana; «bake eta konponbide agertoki berriaren aurkakoa eta egoera honetara iristeko urrats ausartak egin dituztenen aurkakoa».
Ezker abertzaleak argi dauka EAk eta Alternatibak independenteekin osatutako koalizioaren zerrenda guztiak inpugnatzea «erabaki politikoa» dela, eta ez juridikoa. Eta horrek badu arrazoia, Niko Morenok eta Marian Beitialarrangoitiak Tasio Erkizia eta Miren Legorbururekin batera emandako prentsaurrekoan azaldu dutenez: «Estatuak era batera edo bestera ekidin nahi du ideia eta proiektu politikoen konfrontazio askean oinarrituko den egoera demokratikoa».
«Frankismoko demokrazia organikoaren jarraipena» izatea egotzi diote Espainiako Estatuari, botere banaketarik ez dagoela uste baitute. «Botere banaketa demokraziaren oinarria bada, Espainiako Estatuan oinarririk gabeko demokrazia bat dugu».
«Gure herriaren gatazka egoera betikotu nahi dutenen operazio politiko hau gauza dadin ekiditeko» deia egin du ezker abertzaleak, eta beren ekarpena egiteko eskatu die herritarrei, hori geldiaraztea «posible» ez ezik «beharrezkoa» ere badela uste duelako. «Prozesuaren alde» daudenei egin die beren alea jartzeko deia, «konponbide politiko eta demokratikoaren alde egiten dutenei; bake, justizia eta askatasun egoera baten eraikuntzan ekarpena egin nahi dutenei». Beharrezkotzat jo dituzte ekimen zehatzak ere, eta horiek «gure herrian ireki den agertokian aurrera jo nahi» dutenen artean antolatu beharko dituztela azaldu dute.
ETA, «konponbiderantz»
Espainiaren kontrako norabidean ari da ETA, ezker abertzalearen irudiko. Iraultza zerga bertan behera uzteko erabakia «prozesua bultzatzeko» bide horren barrua dagoela azpimarratu du; «gatazka politikoa behin betiko konpontzeko eta konfrontazio armatua behin betiko ixteko norabidean».
Espainiari, bestalde, «ekarpen positibo bakar bat ere» ez egitea aurpegiratu diote.
M-22: udal eta foru hauteskundeak. Bilduren zerrenden inpugnazioa
«Muga guztiak» pasatu direla salatu du ezker abertzaleak
«Madrilek bere jokaldia egin ez dezan», beren ekarpena egitera deitu ditu konponbidearen alde dauden herritarrak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu