Mugatik gertu bizi diren herritarrak beste lurralde batzuetan artatzea «sen onez» jokatzea dela adierazi du azken asteetan Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Rafael Bengoak, besteak beste. Sen on hori, ordea, zalantzan geratu da Errioxako Gobernuak Arabako eta Nafarroako gaixoak artatzeari uztearen ondorioz. Izan ere, mugaz gaindiko harremanak osasun arloan ez dira berriak; bai, aldiz, sortutako istiluak. Espainian, 1986ko Osasun Legeak bide eman zuen erkidegoek berezko osasun sistema garatzeko, eta horiek sortu baino lehenagokoak dira mugaz gaindiko artatzeak. Frantzian, 2009ko uztailaren 21eko lege baten karietara sortu ziren osasun agentziak. Hala, zatiketa administratiboak Euskal Herrian hiru osasun sistema izatea eragin du. Mugaz haragoko erkidego eta departamentuez gain, barneko osasun harremanak adostu dituzte Akitaniako Osasun Agentziak, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak.
Nafarroako Gobernua - Eusko Jaurlaritza
Nafarroako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko elkarlanak ibilbide luzea du osasun arloan, Osasunbidea eta Osakidetza sortu baino lehen adostu baitzuten aurreneko lankidetza hitzarmena —1984an sortu zen Osakidetza, eta 1990ean Osasunbidea—. Hain zuzen, 1988ko azaroaren 21eko foru aginduan jaso zuten mugatik gertu bizi direnen osasun arreta. Gaur-gaurkoz, Nafarroako Bortzirietan dauden Arantza, Lesaka, Bera, Igantzi eta Etxalar herrietako biztanleak Irunen (Gipuzkoa) artatzen dituzte, larrialdi kasuetan nahiz arreta espezializatuan; Goizueta eta Aranokoak, berriz, Donostian. Orotara, Nafarroako 9.500 pertsona inguru artatzen dituzte Gipuzkoan.
Eusko Jaurlaritza - Akitaniako Gobernua
Hamar urteko elkarrizketen ondoren, 2010eko maiatzaren 27an lankidetza hitzarmena sinatu zuten Eusko Jaurlaritzak eta Akitaniako Osasun Agentziak. Adostutakoak soilik larrialdiei eragiten die; horren arabera, Akitaniako biztanleek Donostia eta Hendaia (Lapurdi) artean ezbeharrik badute, Gipuzkoako erietxeren batean artatuak izan daitezke, edo Osakidetzaren anbulantzia batek jaso eta Gipuzkoatik Baionako Ospitalera eraman ditzake. Beste horrenbeste gertatzen da alderantziz; alegia, Hego Euskal Herriko edo Espainiako pertsona bat Hendaia eta Baiona artean badago eta premiaz artatua izan behar badu, Baionako Ospitalean artatuko dute, edo anbulantziak Gipuzkoara igorriko du. Baliabideak jartzen dituen administrazioak ordaintzen du bere lurraldekoak ez diren gaixoen arretak eragindako kostuak; ondoren, sei hilabeteko lana aztertzen dute erakundeek, batak besteari konpentsazio ekonomikorik eman behar dion zehazteko. Nafarroak ez zuen hitzarmenean parte hartu, eta oraingoz, herrialde horrek ez du osasun arloko lankidetza itunik Ipar Euskal Herriarekin.
Euskal Autonomia Erkidegoak eta Akitaniak euroeskualdea eratzeko ituna sinatu zuten atzo Eusko Jaurlaritzako lehendakari Patxi Lopezek eta Akitaniako Gobernuko Alain Roussetek. Euroeskualdearen bidez, hainbat arlotako elkarlana sendotzea dute xede bi gobernuek; osasuna da horietako bat. Lopezek eta Roussetek 2009an adostu zuten euroeskualdea osatzea, eta egitasmoarekin bat egitera deitu zituen Nafarroako eta Aragoiko gobernuak. Orduko Nafarroako Gobernuko presidente Miguel Sanzek ezetza eman zion ekimenean sartzeari.
Errioxa
Errioxako Gobernuak eztabaida politikoaren lehen lerrora eraman ditu osasun arloko gobernu arteko harremanak. Izan ere, hautsak harrotu ditu Arabako eta Nafarroako gaixoak ez artatzeko erabakiak. Errioxak 2002. urtean jaso zituen berezko osasun sistema garatzeko eskuduntzak, eta ordutik hona, ohikoa izan da Arabako eta Nafarroako biztanleak Logroñon artatzea, baita alderantziz ere.
Errioxako Gobernuak, Nafarroakoak eta Espainiako Osasun Institutuak 1997an sinatu zuten lankidetza hitzarmena, artean Errioxak osasun eskuduntzak ez zituela. Hitzartutakoaren arabera, Nafarroako Aras, Lodosa, Santsol, Viana, Mendabia, Andosilla, Azagra, Carcar eta San Adrian herrietako biztanleak —25.000 inguru— Logroñon artatzen dituzte. Aldiz, Errioxako hamar herritakoak Tuterako erietxera joan ohi dira: Aguilar del Rio Alhama, Cervera del Rio Alhama, Cornago, Gravalos, Igea, Navajun, Valdemadera, Aldeanueva de Ebro, Alfaro eta Rincon de Soto dira herri horiek; orotara, 20.000 pertsona inguru bizi dira herri horietan. Iragan hilaren 9an lortutako behin-behineko akordioaren arabera, hainbat arlotako arreta espezializaturako sarbidea izango dute bi lurraldeetako biztanleek.
Nafarroako Gobernuarekin egindako akordioaren antzekoa lortu du Errioxak Eusko Jaurlaritzarekin. Zalaparta, baina, ozenagoa izan da bigarrenarekin. Irailean utzi zion Errioxak Arabako herritarrak artatzeari, eta auzia urriaren 24an ailegatu zen Eusko Legebiltzarrera, EAJren eskutik. Sorpresa hartu zuen Jaurlaritzak; izan ere, sei egun lehenago sinatu zuen erkidego horrekin giltzurrunetako transplantearen inguruko lankidetza hitzarmena. Auzia gobernu arteko krisi bilakatu zen, eta datuen gerrari ekin zioten: Errioxako Gobernuaren arabera, Arabako herritarrak 22.959 aldiz artatu zituzten Logroñon 2010ean; Jaurlaritzak dio Errioxako eriak Araban artatzeak 2,3 milioi euroko kostua eragin ziola iaz. Ia hiru hilabeteren ondoren, Arabako Oion, Lantziego, Bilar, Lapuebla de Labarca, Moreda, Ekora, Guardia, Leza, Navaridas, Villabuena, Eltziego eta Bastida herrietakoak Logroñon artatuko dituzte ostegunetik aurrera. Trukean, Osakidetzako zerbitzu espezializatu ugaritan artatuak izan daitezke Errioxakoak. Akordioa aldi baterako da, eta otsailaren 29a baino lehenago adostu beharko dute behin betiko ituna.
Gaztela eta Leon
Gaur egun ez dago Jaurlaritzaren eta Gaztela eta Leongo Gobernuaren arteko hitzarmenik mugatik gertu bizi diren herritarrak artatzearen inguruan. Izan ere, herrialde horretako gobernuko osasun arretarako zuzendari Jose Maria Pinok iragan abenduaren 7an adierazi zuenez, bi lurraldeek «aipatugabeko» akordio baten bidez eta «arazorik gabe» jardun dute elkarlanean. Burgosko probintziako hainbat herritar Arabako eta Bizkaiko erietxeetan artatzen dituzte. Miranda Ebroko gaixoak Gasteizko Txagorritxu ospitalera joan ohi dira —40 kilometro inguruko bidea dute—, eta beste horrenbeste gertatzen da Gaztelako administraziopean dagoen Trebiñuko konterriarekin. Burgosko Menako ibarreko biztanleak, Montijako merindadekoak eta inguruetako hainbat herritakoak, berriz, Barakaldoko Gurutzetako ospitalean eta Bizkaiko beste osasun etxe batzuetan artatzen dituzte.
Bestalde, Arabako eta Bizkaiko herritar ugari artatzen dituzte Burgosko erietxeetan. Izan ere, ez dira gutxi inguru horretan beste etxebizitza bat dutenak eta opor egunak han igarotzen dituztenak. Horregatik, eta nahiz eta Pinoren arabera orain arteko elkarlanean arazorik izan ez duten, bi gobernuak itun bat hitzartzen ari dira, inguru bateko zein besteko herritarren osasun datuak partekatzeko. 2012ko urtarrilerako edo otsailerako bi gobernuek hainbat arlotan elkarlanean aritzeko protokolo batsinatzea espero du Eusko Jaurlaritzak, osasun arloan barne.
Aragoi
Nafarroako eta Aragoiko gobernuek 2000. urtean sinatu zuten mugatik gertu dauden hainbat herritako biztanleak artatzeko hitzarmena. Hain zuzen, Moncayo mendiaren magalean Tarazona herriaren inguruan dauden hainbat udalerriko biztanleei eragiten die 2000ko itunak. Eskualde horretako 15.000 biztanle inguru Tuterako ospitalean artatzen dituzte, 19 kilometrora baitute Nafarroako erietxe hori. Aragoiko hiriburu Zaragozara joateko, berriz, 87 kilometroko bidea dute. Dena den, larrialdietako arretarako besterik ez da lankidetza hori.
Hala, Tuterako erietxean artatutakoen datuak adierazgarriak dira: Errioxako 20.000 eta Aragoiko 15.000 gaixo inguru doaz Tuterara. Guztira, Espainiako 35.000 biztanle artatzen dituzte han. Espainiako Estatistika Institutuaren arabera, 35.268 pertsona bizi dira Erriberako hiri nagusian; hortaz, Tuterako adina Espainiako biztanle artatzen dituzte hango eritegian.
Kantabria
2008az geroztik daude arautuak Kantabria eta Bizkai arteko mugako herrietan bizi direnen artatzeak. Akordioaren arabera, Kantabriako Valle de Villaberde herriko biztanleak Bizkaira doaz sendagilearenera; pediatrarekin kontsulta Zalla eta Balmasedako osasun etxeetan izaten dute, eta gainontzeko lehen arretako aratzeak, Balmasedan. Arreta espezializaturako, berriz, Ortuellako, Zallako, Areatzako eta Deustuko osasun etxeetara eta Basurtuko edo Gurutzetako ospitaletara doaz. Bestalde, Bizkaiko Lanestosa herriko biztanleek Kantabriako osasun zerbitzua baliatzen dute: Ramales herrira doaz lehen arretako kontsultak egiteko.
Ondoko lurraldeko biztanleak artatzeak eragiten duen galera ekonomikoa partekatzea adostu zuten Eusko Jaurlaritzak eta Kantabriako Gobernuak. Hala, Espainiako erkidego horretako gobernuak bere gain hartzen du Lanestosako herritarren arreta; Jaurlaritzak, aldiz, Villaverdekoena. Gero, gobernu batek konpentsatzio ekonomikoa ematen dio bere lurraldekoak ez diren gaixoak artatzeagatik diru kostu gehien izan duenari, ordainketak orekatze aldera. Hiru hilabetean behin neurtzen dituzte kostuak, eta 60 egun igaro baino lehenago konpentsazioa ordaindu.
Osasuna. Administrazioen arteko hitzarmenak
Mugak irekitako zauriak
Gobernuen arteko itunak ohikoak dira osasun arloan, baina Errioxan Arabako eta Nafarroako gaixoak ez artatzeko erabakiak auzitan jarri ditu harreman horiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu