AHTaren kontrako deialdiarekin bat egin duten herritarrak 17:15 inguruan abiatu dira manifestazioan: batzuek, Irungo (Gipuzkoa) FICOBA erakustazokarekn paretik;besteak, Hendaiaitik (Lapurdi). Bien arteko muga egiten duen Santiagoko zubian elkartu dira guztiak, eta batera joan dira handik Hendaiako tren geltokirano. Herriak bizirik, AHTrik ez eta Mugen gainetik, AHTrik ez dira manifestariek gehien oihukatu dituzten leloak. Manifestazioaren leloa, Muga guztien gainetik AHT gelditu!, eraman dute pankartan idatzita.
Lur Berriren okupatzaileei elkartasuna
Santiagoko zubiak bi taldeek bat egin dutenean, atzo Aiziritzeko (Nafarroa Beherea) Lur Berri nekazari kooperatiba okupatu zutenei elkartasuna adierazi diete. Izan ere, Lur Berri arto hazi transgenikoa saltzen hastekoa dela-eta, 200 bat lagunek bulegoak okupatu zituzten, eta astearte arte han egongo direla iragarri dute. Asmo hori bertan behera uzteko eskatzen diote Lur Berriri. Hala, transgenikoen erabilerak duen arriskuaren berri eman dute AHTren kontrako manifestazioan, eta Lur Berriko okupatzaileekin bat egiteko deia zabaldu dute.
Horren ondoren, aurrera jarraitu du manifestazioak, Hendaiako tren geltokira iritsi, eta han ekitaldia egiteko. AHT Gelditu! Elkarlaneko kide batek hitzegin du lehendabizi: gustura agertu da gaurko mobilizazioarekin, mugen gainetik indarrak batu direnez, AHTren aurkako borrokan aurreraurrats bat izan dela iritzi baitio. Herri gisa emandako erantzun bat izan dela nabarmendu du. Ildo beretik, hainbat eragilek deialdiarekin bat egin izana azpimarratu du, indarrak biltzea ezinbestekoa delakoan.
Gero Ipar Euskal Herriko mugimenduaren ordezkari batek hartu du hitza, eta egungo garraio sistema kritikatzeaz gain, tokian tokiko nekazaritza sustatzeko deia egin du. Izan ere, gaurko garraio sarearen oinarrian produktuak leku batetik bestera eramateko logika "zentzugabea" dagoela salatu du. Garraio sarea hobetzeko egungo bideak hobetzearen alde egin du.
Azpiegiturak
Mugen gainetik, ehunka lagunek bat egin dute AHTren kontra
Manifestazioa egin dute Irun eta Hendaia artean, AHT Gelditu! Elkarlanak eta Ipar Euskal Herriko AHTren aurkako herri mugimenduak antolatuta. Hainbat eragilek egin dute bat deialdiarekin, besteak beste, Batasuna, EB, Aralar eta Zutik alderdiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu