Eguraldiari aurre egin zioten herritar anitzek igandean Sartagudan (Nafarroa), Ibaialde ikastolaren aldeko bestan. Eskertu du parte hartzea Ana Mendizabal presidenteak. Elkartasuna ez da amaitu. Mila euro emanen dute, adibidez, Elkartasuna-Etorkizuna Egunaren antolatzaileek.
Zer moduz zaudete?
Hagitz kontent gaude bestara etorri zen jendearekin. Etorri zirenek erruz parte hartu zuten antolatu genituen ekitaldi guztietan. Jendearen berotasuna sumatu dugu, eta zoragarria izan da.
Eguraldia, berriz, hotza izan zen.
Bai. Eguraldiaren kontura hagitz haserre gaude, azkenean ezin izan genituelako aurreikuspenak bete. Guk 15.000 pertsona inguru etorriko zirela uste genuen, eta 4.000 inguru egon ginen.
Gogorra izan da?
Bileran argi gelditu zaiguna horixe da, aurreikuspenak ez direla bete. Baina, hala eta guztiz ere, etorri zen jendearen erantzuna zoragarria izan da, etorri zen jendeak gastatu egin baitzuen. Ez da bakarrik dirua. Karrikan jende anitz etorri da guregana elkartasuna agertzera eta lanean jarraitzeko indarra ematera. Eskertu nahi dugu berotasun hori.
Jende anitz gelditu zen etxean eguraldiagatik.
Bai. 40 autobus inguru gelditu ziren etorri gabe. Lanera etorri behar zuen hainbat talde ere ezin etorri gelditu zen eguraldiaren ondorioz. Badakigu jende anitz gelditu zela etortzeko gogoz etxean, eta haiei gogorarazi nahi diegu ikastola lagundu nahi badute kontu korronte zenbaki bat dugula, laguntza horiek bideratu ahal izateko.
Espero zenituzten helburuak betetzeko bidea etor daiteke hortik?
Hori espero dugu guk. Gainera, guk argi dugu gure lana ez dela hemen amaitzen. Ikastolaren arazoa konpontzeko borrokan segitu behar dugu, eta, horretarako, bideragarritasun plan serio bat behar dugu. Hainbat irakasle dugu hitzartu gabe; hipotekaren zorrari egin behar diogu aurre, garraioari ere bai. Hemen arazoa ez da ikastola gaizki kudeatzen dugula. Horiek guztiak gastu arruntak dira; ezin dugu gehiago murriztu. Murrizten ahal genuen guztia murriztu dugu jada. Ezin dugu gehiago murriztu kalitateari eragin gabe.
Proiektuari eustea da kontua?
Hemen, gurasoek haien seme-alabek euskaraz ikastea nahi badute, aukera bakarra dute. Badakite ikastola ordaindu beharko dutela horretarako. Eskualdeko ikastola da gurea. Ikasleak bazkaltzera gelditzen dira, eta gastu horri gurasoek egiten diote aurre. Zer erranen diegu? Anitzez ere gehiago ordaindu behar dutela? Alde eginen dute hori egiten badugu. Eta 53 familia bertzerik ez gara.
Zeintzuk dira orain egin beharreko urratsak?
Orain, ate-joka jarraitu behar dugu. Irakurri eta entzun dugu erran dutela guk ikastolaren ekonomia gaizki kudeatu dugula, eta hori ez da egia. Hutsak betetzea gauza bat da. Edozeinek egiten ahal ditu, eta guk ere bai. Baina horrek ez du erran nahi dirua xahutu denik. Hemen, errealitatea badakigu zein den; gutxi gara euskararen alde lanean. Eta gutxi horiei ezin diegu euskaraz ikasteko duten eskubidea ukatu. Legeak ezartzen dituen mugen gainetik, euskarazko irakaskuntza eskaintzen jarraitu nahi dugu guk.
Ate-joka jarraituko duzuela diozu; zer ate?
Politikariengana, erakundeetara eta elkarteetara joko dugu. Entzun nahi gaituen edozeinengana joanen gara. Eusko Jaurlaritzatik eta Nafarroako Gobernutik jasotzen genituen diru laguntzak 2009. urte hasieran galdu genituen. Geroztik ez dugu sosik jaso. Inor ez da gure beharrak betetzera etorri, eta horrek ekarri gaitu egungo egoerara. Bi urtez Nafarroako ikastolen elkartasun kutxari esker egin dugu aurrera, baina hori ere amaitu da. Eta gure arazoek hor jarraitzen dute.
Nafarroako Gobernutik zer espero duzue?
Egunotan ez dugu balorazio politikorik egin nahi izan, gure besta euskararen aldeko besta izan delako. Baina argi erran behar dugu norbaitek ez badu ongi ikusten guk bertze batzuen eskutik laguntza jasotzea baduela laguntza hori hark ematea. Argi dago legeak uzten dituela gure seme-alabak babesik gabe eta norbaitek egin beharko diola aurre ardura horri. Egin dugun gauza bakarra da gure euskaraz ikasteko eskubidea defendatu.
Eta, orain, zer?
Lehenik eta behin, lasaitu eta arnasa hartu. Hilabete gogorra izan da azkena. Eguraldiak zapuztu ditu gure asmoak, baina aurrera egin behar dugu. Zorrak kitatzeko zer egin dezakegun aztertu behar dugu. Lehentasuna irakasleak dira. Orain arteko zorrari aurre egiteko gai izanen garela uste dut. Hortik aurrera, arazoak nola konpondu pentsatzen jarraitu beharko dugu.
Ana Mendizabal (Lodosako Ibaialde ikastolako presidentea)
"Mugen gainetik, euskarazko irakaskuntza eskaintzen jarraitu nahi dugu"
Elurra eta hotza izan ziren protagonista igandeko Ibaialde ikastolaren aldeko bestan. Joan zirenen berotasuna eskertu du Ana Mendizabalek; ate-joka jarraituko dutela dio, eusteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu