Marcos Nanclares. Gipuzkoako Migrazio eta Aniztasun zuzendaria

«Mugen militarizazioa sustatzen dutenek arrazistak izatea leporatzen digute»

Erakundeen erantzukizuna nabarmendu du Marcos Nanclaresek migrazioaren gaineko jarreretan. Mesfidantza eta beldurra sustatu beharrean, pedagogia lana egiteko eskatu die alderdi politikoei.

jon olano
Donostia
2012ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Maiatz gogorra izaten ari da Marcos Nanclares Gipuzkoako Migrazio eta Aniztasun zuzendariarentzat (Madril, 1970). Gipuzkoarrak sailkatu nahi izatea egotzi dio Jaurlaritzak; haren aurka egingo duela iragarri du Espainiako Gobernuak; eta «integratzaile integrista» deitu diote Espainiako kazeta batean. «Umore onez» irakurri zuen artikulua, halere.

Berria da Migrazio eta Aniztasun Zuzendaritza. Zein helburu ditu?

Bildu aldundira iritsi zenean argi genuen bestelako politikak bultzatu behar zirela eta Gipuzkoa berri bat eraiki nahi genuela. Uste dugu Gipuzkoa nahiz Euskal Herria oso aberatsak direla biztanleen jatorriari dagokionez, eta gure erantzukizun politikoa dela errealitate horri erantzutea. Edozein gobernuren eginkizuna da jendartea kohesionatuta mantentzea. Aniztasuna bera kohesio elementu bihurtu nahi dugu; horregatik sortu zen zuzendaritza.

Espainiako Gobernuak iragarri du Migrazio Zuzendaritzaren aurka egingo duela. Zer deritzozu?

Gure eredua da herri hau denon artean eraikitzea, elkarren onarpen eta errespetuan oinarritzea, aukera berdintasuna eta diferentzia eskubidea bermatzea... Horren aurrean estatuarena dugu; PPk eta PSOEk babestutakoa atzerritartasun eta naziotasun legeetan oinarritzen da. Gure herritarren eskubideak jatorriaren arabera bereizten dituzte. Mugen militarizazioa eta atxikitze zentroak dira haien eredua; milaka milioi gastatzen dituzte horretan. Hori sustatzen dutenek egozten digute arrazistak eta xenofoboak garela, gezurretan oinarrituta.

Eskumenik ba al du Gipuzkoak Migrazio Zuzendaritza bat sortzeko? Hori ukatu dizue Madrilek.

Atzerritartasun eta naziotasun legeak txanpon bereko bi aldeak dira. Estatuen eskumen esklusiboak dira; subiranotasunaren zutabe bat. Horien bidez erabakitzen dute hemengo herritarrak nortzuk garen eta zein baldintzarekin. Guk, ordea, diogu bertan bizi garenok erabaki horiek hartzeko eskubidea dugula. Eskumenena balitz benetako argudioa, zergatik ez dute egin Eusko Jaurlaritzako Immigrazio Zuzendaritzaren edo Gasteizko Udaleko Immigrazio Sailaren aurka? Kolokan jartzen dugulako haien erabakitzeko ahalmena.

Gipuzkoarrak jatorriaren arabera sailkatu nahi izatea egotzi dizue Jaurlaritzak eta PSE-EEk.

PSE hasi zen mamu hori hedatzen, eta estatua segituan joan zen atzetik, eredu bera defendatzen dutelako. Guri hori egoztea larria da, gezurretan ari direlako. Hori esan zuen Rafaela Romerok froga bat bera ere eman gabe. Ordutik ez du hitzik esan. Bestalde, «aurrena, etxekoak» diskurtsoa atera du PPk; PSEk ez du hori esan, baina egin egiten du. Diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzeko baldintza gogortu du Jaurlaritzak, hiru urtean hemen egoteko eskatuz.

Iparraldekoak atzerritartzat jotzea zuzendu nahi duzue?

Estatuek egiten duten gure herritarren kategorizazioa gure logika politikotik kanpo dago. Hendaiatik Gipuzkoara joandako bat atzerritartzat jotzeak ez du zentzurik. Nahiago dugu hitz egin jatorri ezberdinetako euskal herritarrez. Gainera, oso kontuan izan behar dugu gure herriaren errealitatea. Euskal Herria politikoki eta kulturalki gutxitua den herri bat da. Hori ez badugu kontuan, egoera hori areagotuko dugu, nahiz eta oso borondate onarekin lan egin. Aldundiarentzat euskara da nazio hizkuntza, baina horrek ez du esan nahi Euskal Herrian beste hizkuntza batzuk ez daudenik; 140tik gora daude, eta guztiak Euskal Herriko hizkuntzak dira, gure herritarrenak diren heinean. Ez dugu nahi inork bere nortasunari uko egiterik eskubide osoko herritarra izateko.

Batzorde bat osatu zenuten martxoan 50 eragilerekin. Zertarako?

Talde horretan pertsona ugari daude, arlo anitzetakoak: hezkuntzakoak, sindikatuetakoak, komunitate ugariko ordezkariak... Demokrazia parte hartzailea aldundi honen ardatzetako bat da, eta migrazioan gune bat abiatzen ari gara eragileekin eztabaidatzeko. Aniztasun horrek zer-nolako aukerak eta erronkak ekartzen dizkigun, adibidez. Horri denon artean erantzuteko eta proposamenak egiteko asmoa du batzordeak. Aldundiaren konpromisoa da proposamen horiek jasotzea eta, ahal den neurrian, gauzatzea. Ez dugu soilik eztabaida gune bat nahi, erabaki gune bat baizik.

Batzorde horretan hemen jaiotako herritarrak egoteari garrantzia eman diozue.

Bai. Ez dugu integrazioaz hitz egiten, integrazioa asimilazioarekin nahasteko joera dugulako. Asimilazioaren aurrean, proposatzen dugu elkarren onarpena. Horrek denoi eskatzen digu ahalegin bat. Frantzian ikusi da asimilazio estrategiek huts egin dutela.

Jarrera xenofoboak dituzten alderdiak hazten ari dira Europan. Nola ikusten duzu migrazioaren egoera kontinentean?

Egoera ekonomikoa bezalaxe: kezkaz. Krisi testuinguruetan, benetako errudunei ardurak eskatu edo erantzuleak ongi identifikatu beharrean, beste errudun batzuk bilatzen dira. Politikari batzuen arduragabekeriak eragiten du hori. Eskuin muturreko bozak eskuratzeko diskurtsoak egiten dituzte, eta ondorioak larriak izan daitezke. Erakundeen lana da mesfidantza eta beldurra sustatu ordez pedagogia egitea.

Gipuzkoan nabaritu al duzu jarrera xenofoboen gorakadarik?

Uste dut urrun gaudela. Badaude adierazle batzuk eta tentuz ibili beharra dago, baina urrun gaude.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren %1ek baino ez du uste migrazioa arazo bat denik, baina %58k uste dute etorkinak gizarte babesaz aprobetxatzen direla.

Topikoak datuekin desegin behar dira; horiek diote ez dela egia baliatzen direnik. %1arena oso datu ona da, zaindu egin behar dugu.

Osasun arloko murrizketek etorkinei eragingo diete bereziki.

Onartezina da. Pentsa hori hemen egingo bagenu; Osakidetzak esango balu soilik hemen jaiotakoak artatuko dituela. Ez lukete Migrazio Zuzendaritzaren aurka egingo; armada bidaliko lukete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.