Euskal presoak. 'Parot doktrinaren' aurkako manifestazioa

«Mugitzeko» eskatu diote Raxoiri

Konponbiderako prozesua «oztopatzea» egotzi diote Espainiako Gobernuari Gernikako Akordioko sinatzaileekPresoen auziari heltzeko, politika aldaketa eta elkarrizketa ezinbestekotzat jo dituzte

Urizar, Maeztu eta Ugarteburu, atzo, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2012ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Parot doktrinaren ezarpena berrestean Espainiako Auzitegi Konstituzionalak martxo amaieran emandako «atzerapausoaren» aurrean, Espainiako Gobernua «geldi» eta «jarrera negatiboarekin» ikusten dute Gernikako Akordioko sinatzaileek. Konponbide garaia dela-eta, irtenbiderantz urratsak egiteko eskatu zioten Mariano Raxoiren gobernuari atzo eragile politiko eta sindikalek Bilbon.

XABIER MIKEL ERREKONDO

Amaiurreko diputatua

«Presoen kolektibitateadudan jarri nahi du gobernuak kolektiboa zigortuta»

«Elkarrizketa da konponbiderako modu inteligente bakarra», adierazi du Amaiur koalizioak Espainiako Kongresuan duen diputatu Xabier Mikel Errekondok. Hala, Espainiako Gobernuari eskatu dio «interlokuzioa ireki dezan euskal preso politikoen kolektiboarekin», eta, beraz, konponbidera begirako neurrietan presoen «kolektibitatea» onartzeko: «Nork du zalantzan presoak kolektibitatea direla? Gobernuak berak nahi du hori dudan jarri, presoak kolektibitate moduan zigortuta, ondorio politikoak hartuta».

MARIBI UGARTEBURU

Ezker abertzaleko kidea

«Elkarrizketa ezinbesteko tresna da, eta ezin zaizkio ateak itxi»

Espainiako Gobernuari ez ezik, Frantziakoari ere igorri dio mezua Maribi Ugarteburuk. Ezker abertzaleko kidearen esanetan, agintarien funtzio nagusia «politika egitea» da, eta, horretarako, bi osagai ezarri ditu: eskubide zibil eta politikoen errespetua, «eta horrek dakar euskal preso politikoen eskubide guztiak errespetatzea eta salbuespenezko neurriak behin betiko baztertzea»; eta elkarrizketa: «Ezinbesteko tresna da, eta ezin zaizkio ateak itxi».

Ugarteburuk erantsi du gobernuek ezin dutela jarraitu «oinarrizko bi kontzeptu horiei muzin egiten». Eta Espainiako Gobernuak «behin eta berriro ezarritako blokeo eta oztopoak gainditu» egingo dituela Euskal Herriko gehiengo sozial eta politikoak.

OSKAR MATUTE

Alternatibako bozeramailea

«Iritzi politikoen gainetik,gure esku dagoena egiteko exijitzen du herriak»

«PPk darabilen politikan eta kartzela doktrinan aldaketa erradikalaren» beharra izan du ahotan Oskar Matute Alternatibako bozeramaileak. Espainiako Gobernuari «arduragabe» jardutea egotzi dio, «konponbideak bilatzen lagundu ordez, oztopatzen ari delako». Hori dela eta, aldaketa exijitu dio: «Dozenaka euskal herritar atxikita eta bahituta dauzkan espetxe politika indargabe dezan eta betetako kondenen ostean berriz zigortzea eta mendeku hartzea helburu duten politikak erabat baliogabe ditzan».

Herritarrei entzun behar zaiela ere nabarmendu du: «Iritzi politikoen gainetik, denok gure esku dagoena egin dezagun exijitzen dute herritarrek, bakea sendotzeko eta adiskidetzeko, indarkeriaren garaia gainditzeko».

DANI MAEZTU

Aralarreko legebiltzarkidea

«Gatazkaren ondorio diren preso politikoen egoera zeharo aldatzeko momentua da»

Espainiako Gobernua «mugiarazi» nahi du Aralarrek. Eusko Legebiltzarreko ordezkari Dani Maeztu presoen egoera «humanizatzeaz» mintzatu da: «Gatazkaren ondorio diren preso politikoen egoera zeharo aldatzeko momentua da». Raxoiren taldearen «immobilismo jarrera» agerian geratu da, haren iritziz, Parot doktrinari buruzko epaiaren ostean. «Bada garaia gai honi heltzeko, beste ikuspuntu batetik».

PELLO URIZAR

EAko idazkari nagusia

«Estatua ezin da bihurtu Europako azken borroka armatua konpontzeko oztopo»

Euskal gizarteak beste egoera bat nahi duela berretsi du EAko idazkari nagusi Pello Urizarrek. «Iraungitako jokalekua» gainditzeko Gernikako Akordioaren sinatzaileak «eragile aktibo» izango direla gogorarazi du, baina garrantzizkotzat jo du Espainiako Gobernuak ere pausoak ematea: «Estatua ezin da bihurtu bakearen eta normalizazio politikoaren oztopo; ezin da bihurtu Europako azken gatazka armatua konpontzeko oztopo».

BEÑAT ZARRABEITIA

Herrira mugimenduko kidea

«Euskal jendartearenzati handi baten iritziaargi geratzeko aukera da»

Euskal preso politikoen aurka hartutako neurriak zein gainerako salbuespen legeak gaitzetsi ditu Beñat Zarrabeitiak, Herrira mugimenduaren izenean. Neurriok desagerrarazteko bidean atzoko manifestazioa «herri presioa antolatzeko» baliagarria izan zela uste du: «Euskal jendartearen zati handi baten iritzia argi geratzeko aukera da».

JAVI GARNIKA

LABeko idazkariorde nagusia

«Ebazpen judizialak ez du zentzurik; ez dator bat Euskal Herrian bizi den egoerarekin»

Konstituzionalaren epaia «atzerapauso handia» dela esan du LAB sindikatuko idazkariorde Javi Garnikak: «Ebazpen judizialak ez du inolako zentzurik momentu politiko honetan, eta ez dator bat Euskal Herrian bizi den egoerarekin». Agintari politiko eta judizialen «borondateak prozesua lagundu eta indartu» beharko lukeela uste du. «Baina hartutako erabakia kontrako bidean doa», esan du.

ADOLFO MUÑOZ

ELAko idazkari nagusia

«PPren jarrera ikusita, gehiagotan egin beharko dugu presoen eskubideen alde»

Gernikako Akordioaren sinatzaileen artean egon ez arren, ELA sindikatuak bat egin zuen atzoko deialdiarekin, «oso gogorra delako auzitegiak adierazi duena». Adolfo Muñoz idazkari nagusiaren hitzetan, Konstituzionalaren epaia «normalizazioa bideratzeko oztopo bat» da, eta horren aurrean kalera atera beharra nabarmendu du: «Horregatik gaude hemen, eta PPren jarrera ikusita, segur aski etorkizunean gehiagotan egin beharko dugu presoen eskubideen alde».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.