Genero Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna

Mundu guztian bezalaxe, Euskal Herrian hainbat ekitaldi izango dira emakumeen kontrako bortxa salatzeko

Genero Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna dela eta, hainbat ekitaldi egingo dira gaur Euskal Herri osoan. Komunikabideek ia egunero ematen dute han edo hemen emakumeren batek bere bikotekide gizonezkoaren esku jasotako tratu txarren berri. Halaber, azken urteetan arazo horrekiko kontzientzia, eta, ondorioz, emakumeen jarritako salaketa kopurua igo egin bada ere, oraindik ere ezkutuan geratzen dira kasurik gehienak beldurraren eta lotsaren eraginez. Hori guztia salatzeko, manifestazio eta elkarretaratzeak egingo dira Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñean. Lapurdin, Nafarroa Beheran eta Zuberoan, berriz, informazioa banatuko dute.

2003ko azaroaren 25a
15:41
Entzun
Bilbon, alde batetik, manifestazioa egingo dute; 19:30etan abiatuko da Arriaga plazatik. Horrez gain, eguerdian udal agintariek genero indarkeriaren aurkako agiri bat irakurriko dute, eta Foru Aldundiak babestuta gaiari buruzko tailerrra egingo dute Munduko Emakumeak Elkartekoek. Era berean, EHUk bat egin du protesta egunarekin, eta Emkaumeen Taldeak antolatuta kontzentrazioak egingo dituzte Sarrikon 11:00etan eta 18:00etan.

Donostian, gaiari buruzko erakusketa bat ipiniko dute emakumeek Boulevarrean, 11:00etan hasi eta 20:00ak arte. 13:00etan, udaletxe aurrean kontzentrazioa egingo dute, eta 19:30etan manifestazioa abiatuko da Boulevarretik.

Gasteizen bilkura egingo dute 20:00etan, Andra Mari Zuriaren plazan. Deialdia Arabako Emakumeen Asanbladak, Pipik, Bilgune Feministak, Eginaren Eginez taldeak, Lur Berritua eta Sarai elkarteek egin dute, ELA, EILAS, ESK eta CCOO sindikatuetako emakumeekin batera.

Iruñean, manifestazioa egingo dute 20:00etan Sarasate pasealekutik abiatuta. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, azkenik, LAB sindikatuko kideek genero indarkeriaren inguruko informazioa banatuko dute ordezkaritza duten lantegietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.