Munduko AHTrik luzeena martxan da, Txinan

Pekin eta Kanton arteko ibilbidea egiten du munduko tren lasterrik luzeenak. Gaur egin du lehen aldiz 2.298 kilometroko tartea, eta, izotz zein elurraren ondorioz, ordubeteko atzerapena izan du. 

inaki petxarroman
2012ko abenduaren 26a
19:00
Entzun

Abiadura handiko tren (AHT) linearik luzeena martxan da gaurtik, Txinan. Pekin eta Kanton arteko bidea egiten du trenak, eta 2.298 kilometrotan lotzen ditu herrialdearen iparra eta hegoa, zortzi ordu eskasetan. Orain arte Pekin eta Kanton lotzen zituzten ohiko trenek 22 ordu behar izaten zituzten, batez beste, ibilbidea amaitzeko. Linea berri honekin, AHT kilometro gehien duen munduko herrialdea da Txina. Izan ere, 9.000tik gora trenbide kilometro baititu jadanik martxan. Hamarkada honen amaieran 20.000 kilometro inguru izango ditu, egun egitasmo diren guztiak gauzatzen baditu. 

Mao Zedong buruzagi komunistaren jaiotzaren 119. urteurrenean inauguratu dute AHT linea berria. AHTak orduko 350 kilometroko abiadura hartu ahal izango du zerbitzurik azkarrenetan. Lineako billeterik merkeenak 105 euro balioko du, eta horren bikoitza garestienak. 35 geltokitan geratuko da trena, eta bost ibai handi zeharkatuko ditu. Hain zuzen ere, barrualdeko hainbat hiri eta probintzietako hiriburu lotuko ditu trenak, eta horietan izango du bezero gehien, egitasmoaren bultzatzaileen arabera. Izan ere, Pekin eta Kanton artean ibiltzen diren hegazkinek 3.30 ordu behar izaten dituzte, batez beste, ibilbidea osatzeko, eta merkeagoak dira tren lasterra baino.

Inauguratu berri duten trenak sei probintzia igarotzen ditu, eta 600 milioi pertsona baino gehiago bizi den eremu bat hartzen du bere gain.

Txinako Gobernuak indar handia egin du aurten AHT lineak eraikitzen. Hain zuzen ere, iaz Wenzhoun —Txinako ekialdean— gertatu zen istripuaren ondorioz, burumakur geratu zen sektoreari arnasa eman nahi izan dio gobernuak, ekonomiaren hazkundearen motorra izango delakoan. Wenzhounn 2011ko uztailean izan zen istripuan 40 lagun hil ziren, tren laster batek inoiz Txinan izandako ezbeharrik larrienean. 

Trena martxan jarrita, adituek onartu dute zalantza handiak sortzen direla azpiegitura horren errentagarritasunaren inguruan. Izan ere, txartelak merkeak badira ere, hegazkina baino garestiagoa da, eta barrualdeko Txinako herritar nekazari eta langileen ahalmenetik urruti daude. Egunean 155 tren ibiliko dira Pekin eta Kanton artean. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.