Munduko CO² isurle handienetakoa da Euskal Herria

Munduko herritarren batez bestekoa bikoiztu egiten dute euskal herritarrek, Gaindegiak jasotako datuen arabera

mikel p ansa
2012ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Biztanleko munduan CO² gehien isurtzen duen herrialdeetako bat da Euskal Herria. Gaindegiak jaso eta landutako datuen arabera, munduko herritar bakoitzak 4,8 tona CO² isuri zituen atmosferara 2008an, batez beste; euskal herritar bakoitzak, berriz, 10,6 tona CO²: bikoitza baino gehiago. Europako 27 herrialdeen batez bestekoa ere gainditu egiten du Euskal Herriak: 2008an 8,2 tona CO² isuri zituen europar bakoitzak.

Alemaniak, Japoniak eta Erresuma Batuak batez beste isurtzen dutena baino gehiago ere kutsatu zuen Euskal Herriak. Gaindegiaren datuen argitara, Euskal Herriak baino CO² gehiago isurtzen duten herrialde gutxi daude: Errusia (hamabi tona biztanleko), Ameriketako Estatu Batuak (hemezortzi tona) eta Arabiar Emirrerri Batuak (25 tona), gutxi horien artean. Gaindegiaren esanetan, OCDE barruan dauden herrialdeen parekoa da Euskal Herriaren CO² kutsadura.

Munduko gainerako herrialdeekin konparaketak egiteko, 2008ko datuak erabili ditu Gaindegiak, baina 2009ko isurketen datuak ere eman ditu. Euskal Herriak, guztira, 31,3 milioi tona CO² jaurti zituen atmosferara. Batez beste, herritar bakoitzak 10,1 tona isuri zituen, 2008an baino 0,6 puntu gutxiago. Azken urteetan joera beheranzkoa dela zehaztu du Gaindegiak. 2006an hasi zen beheranzko joera. Baina hamarkadaren lehen bost urteetan gora egin du isuritako CO² kopuruak. 2004tik 2005era, esaterako, %10 egin zuen gora.

CO² isurien kopuruak beheranzko joera hartu badu ere, hamarkada hasierako goradakaren ondorioz, Kyotoko Protokoloan ezarritako helburuetatik urrun dago Euskal Herria. 2008 eta 2012 artean CO² isuriak, batez beste, %8 murriztu behar zirela adostu zuten estatuek Kyotoko Protokoloan. CO² kutsatze maila horren altua izateko, kontuan hartu behar da Euskal Herriko ekonomiaren «izaera industriala», batetik, eta herritarren mugikortasun handia. Gaindegiaren esanetan, Euskal Herriak, «nahitaez, CO² isurketak murriztu beharko ditu herri iraunkorrago bat eraikitzeko datozen belaunaldientzat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.